Zein gara?

  GURE TALDEA

Idoia Arraiza
Idoia Arraiza Zabalegi

Psikologian lizentziatua da (UPV/EHU 2010) eta Psikoterapia Gestalteko 3 urteko formazioa (CPH Bidean 2013) egin du Ikasketa Feministak eta Generokoak masterrarekin batera (UPV/EHU 2012), amaierako lana “Indarkeria lesbianen arteko harreman sexo-afektiboetan” izanik.

Gaztetatik izan du arlo politiko eta sozialekiko interesa eta bereziki mugimendu feministan ibili da hainbat kolektibotan parte hartuz eta talde dinamizazioan trebatuz. Egun Bilgune Feministako kidea da.

2011an hasi zen Emaginen baitan gai ezberdinen inguruko formazioak ematen. Azken urteetan indarkeria matxista eta autodefentsa feministaren ildoetan sakondu du eta formazio, aholkularitza zein ikerketa ezberdinak burutzen dabil. Esaterako, “Puntos críticos en San Fermines. Diagnóstico sobre seguridad desde las experiencias de las mujeres” edo “Proyecto de identificación y transformación de los puntos críticos de Zizur Mayor: Del Zizur prohibido al Zizur libre para las mujeres

2015etik Emagin Elkarteko koordinatzailea da

Maider Avaristo
Maider Kery Avaristo Iziar

Politika Zientziako eta Kudeaketa Publikoan graduatua, Gizarte Antropologian Graduatua, Sexu heziketa eta familia aholkularitzan begiralea eta Ikasketa Feministak eta Generokoak masterra. Egindako ikerketa lanak emakume etorkin eta arrazializatuen inguruan izan dira.

Venezuelan jaioa, txikitan migratu zuen amaren jaioterrira. Mugimendu feministako hainbat taldeetako kidea da. Orain arteko lan ildoak; indarkeria matxistak, sexualitatea eta antiarrazismoa izan dira.

2021ean hasi zen Emaginen formakuntza arloan. Autodefentsa Feminista, Autoestimua, Ahalduntzea eta Hezkidetzan inguruko saioak ematen.

Miren Aranguren Etxarte

Soziologian lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (2004) eta Emakume eta Gizonen Berdintasun masterra egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (2016).

Gaztetatik herri mugimenduak izan ditu jomugan -gazte mugimendu, gaztetxe eta mugimendu feminista- , aldaketa politiko eta sozialaren bila. Horrek eraman zuen Euskal Herriko Bilgune Feministan jardutera eta azken hamabost urteotan bere lan eta bizi esparru nagusia izan da. Saretze lana, koordinazioa eta hainbat proiektuen dinamizazioa izan dira bere ardura.

Emagin Elkarteko formatzaile eta ikerlari izan da eta nagusiki Euskal Herriko Mugimendu Feministaren azken 40 urtetako historia jaso du Gure Genealogia Feministak liburuan, Gorputz_grafiak erakusketa eta Sukaldetik Plazara dokumentalean jasota. Gainera, formazio lanetan ere jarduten da, Mugimendu Feministaren historiaren, politika publiko feministen eta herri jai parekideen ingurukoan. Musikan ikuspegi feministak duen eragina du azken interesgune, MEFSST! proiektuan gauzatua.

Ainara Santamaria
Ainara Santamaria Barinagarrementeria

Kazetaritzan lizentziatu zen 2010ean (EHU) eta Ikasketa Feministak eta Generoko masterra burutu hortik bi urtetara (EHU), baita Euskal Kulturgintzaren Transmisioko Aditu ikastaroa ere 2017an (Mondragon Unibertsitatea). Bere ibilbide akademikoak “ITXI, IREKI EDO KLIK. Euskal kulturari buruzko gogoeta-analisi bat musika-esperimentazio eta -tradizioaren bidegurutzean” (EHU 2022) izeneko tesiarekin izan du jarraipena. Egun, euskara, komunikazioa eta talde nortasunaren gaia ardatz dituen EHUko NOR ikerketa taldeko kide da Emaginez gain.

Gaztetatik herriko zein maila orokorragoko eraldaketa prozesuetan murgildu da, askotariko mugimenduetan parte hartuz. Horrek eraman zuen, besteak beste, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren lorratza jarraitzera: lehendabizi gazte ikuspegitik eta ondoren, jarduera esparrua zabalduz. Lan esperientziari dagokionean, unibertsitate mailan ikerlari eta oinarrizko hezkuntzan  indarkeria sexistaren prebentziorako eta aukera berdintasunaren sustapenerako hezitzaile izan da.

Egun, Emagineko Ikerketa taldeko kide da eta  feminismoez gain kulturari loturiko gaiak interesatzen zaizkio.

Ainara Lasa Muñoz

Politika Zientziak eta Administrazioan lizentziatu (2012) zen eta gaztetatik kultur eta aisialdi proiektu ezberdinetako hezitzaile (2002 Begirale titulua), zuzendari (2006 Zuzendari Titulua) eta dinamizatzaile izan da (2010 – Jendarte soziokulturalerako dinamizatzaile titulua). Horrela, haur, gazte eta nerabeen proiektu askotariko sustapen lanetan aritu izan da.

2015 urteaz geroztik, Euskal Herriko Bilgune Feminista zein Emagin Elkarteko kudeatzaile eta diruzaintza ardurak betetzen ditu.

2009ko urteaz geroztik, 3 seme – alaben ama da. Ataun herrian Hiru Txilipurditan proiektu sozio – kulturalaren sortzaile taldeko kide eta Sahara herriaren aldeko Algamar Elkarteko partaide da eta haur saharar baten harrera familia osatzen du.

Familia, enplegua eta bizitza soziala uztartzen saiatzen da; ardura eta betebehar parekideen alde etxean, kalean eta militantzia politikoan jarrera aktiboa du.

Maddalen Aduriz Rodriguez

Diseinuan graduatu zen (UVIC 2011) Bartzelonan eta Emakume eta Gizonen Berdintasun masterra egin zuen (EHU 2016) Donostian.

Eraldaketa politikoa eta soziala izan du iparorratz gaztetatik eta gazte mugimenduan zein mugimendu feministan militatu izan du. Azken zortzi urteotan Euskal Herriko Bilgune Feminista du militantzia eremu nagusia.

Lanbide Heziketako irakaslea izan da ehungintza arloan eta emakumeen ahalduntzea sustatzen duten proiektu anitzetan zein jabetze eskoletan. Moda Ikuspegi feministatik ikertzen zein lantzen dihardu azken urteotan baita nola baliatu hura jabekuntza feministarako tresna gisa ere.

Gaur egun, Emagin Elkarteko Zerbitzugintzako Arduraduna da.

Araitz Amatria
Araitz Amatria Jimenez

Publizitateko arte grafikoko eta diseinuko goi mailako zikloa ikasi zuen Gasteizko Arte Eskolan, eta webguneen diseinua eta programazioa Iruñeko Sistema Arte eta Diseinu Eskolan.

Diseinu grafikoan eta webgunegintzan 12 urte daramatza lanean, azkeneko biak Emaginen diseinu proiektuak garatzen eta elkartearen komunikazioa kudeatzen.

Asier Arizkorreta Hurtado

Musikologiako ikasketak egin ditu Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan. Pedagogia ikasketak ditu (NGMMK) eta gitarra klasikoko interpretazio ikasketak egin zituen Musikenen. Gaztetatik gitarra eta musika lengoaia irakasle izan da hainbat musika eskoletan. Emakume musikarien inguruko ikerketa eta ikasketa ezberdinak egin ditu. Mahai jokoen diseinatzailea da eta 3D inpresioaren inguruko ikastaroak ematen ditu.

Gaztetatik ibili izan da herri mugimenduan. Militantzia arloan topaturiko errealitateak bultzaturik genero ikuspegian eta maskulinitateen deseraikuntzan formakuntzak jaso ditu. Maskulinitate talde ezberdinetan parte hartu du eta mutilei zuzendutako desboteretze jarduera anitzetan hezitzaile gisa aritu da. Hezkidetza programak garatu (LH, DBH eta Batxillergoan) eta erakunde eta elkarte ezberdinekin batera maskulinitateak eta genero parekidetasunaren inguruko jarduera ezberdinak dimanizatu ditu (gazte eta helduekin).

Egun Emagin Elkarteko formatzailea da.

Monika
Monika Mendiberri Apezetxea

Soziologian lizentziaduna (2014), Generoan Aditua Titulua (2015) eta Modernitate aurreratuko gizarteetako aldaketa-dinamikak (2016) masterra egin ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Unibertsitate berean, Soziologia eta Gizarte Lana Saileko irakaslea da 2017. urtetik. Arlo ezberdinetan ikerketan aritu da teknikari eta koordinatzaile funtzioetan, eta ibilbide horretan metodologia parte hartzaileetan oinarrituriko ikerketetan ere trebatu da.

Emagin Elkartean ikerlaria da 2016tik. Hanbat izan dira jorratu dituen arloak, besteak beste, erakunde mistoen genero diagnostikoak eta planak, mugimendu feministaren esperientzien sistematizazioa, zaintza-lanen antolaketa eta indarkeria matxistak. Azken honetan sakondu du gehien, hain zuzen ere, indarkerien prebentziorako, arretarako eta aurre egiteko biziraun duten emakumeekin, herri-eragileekin eta entitateekin ikerketa eta esku hartze prozesuetan.