Zaintzen lanak, landa eremuan ere beste territorio batzuetan dituen aldagai berdinak ditu: erabat feminizatuak daude, gutxietsiak dira zein aitortzarik gabeak, familiarizatuta daude, eta klaseak zein migrazio estatusak zeharkatzen dituzte. Gainera, zerbitzu publikoen eskasia dago, eta eremu pribatuak pisu handia du. Hala ere, baditu hainbat berezitasun, aipagarriak egin zaizkigunak azken hilabeteotan Emagin elkartetik Euskal Herriko landa eremuan zaintza esparruan lanean jardun dugunean.
Hasteko, landa eremuaren maskulinizazioa aipatu behar da. Datuetan ikusi dugunez, ohikoa da landa eremuetan gizonezko gehiago bizitzea emakumezkoak baino. Emakumeen migrazioari, bereziki gazteenari, zor zaio hori eta. Emigrazio horren atzean identifikatu daitezke lanaren banaketa soziala, nekazaritza-jabetzaren herentzia-sistema edota emakumeek familia-eremutik kanpo laneratzeko eta gizarteratzeko aukera urriek duten eragina. Bigarrenik, landa-biztanleriaren zahartzea aipatu behar da ezaugarri orokor gisa zeinak zuzen zuzenean eragiten duen bertako emakumeengan. Landa-ingurunean mendekotasun-egoeran dauden pertsonekiko bizikidetza areagotu egiten da eta horrek zaintzaileen lan-karga handitzen du, emakumeak oro har, eta, aldi berean, murriztu egiten ditu lanean, politikan edo gizartean parte hartzeko aukerak.
Bizitzaren iraunkortasunari, zaintzari eta etxeetako elikaduraren erantzunkizuna hartzen dutenen bizitzak ez daude inondik inora erdigunean.
Landa inguruneko emakumeei buruz hitz egiten dugunean argi esan behar da historikoki euren ingurunearen zaintzaile ere izan direla. Oso gutxira arte, Euskal Herrian, oro har, emakume landatarrak nekazariak izan dira. Jakin, badakigu, sistema patriarkalak emakumeek egindako lanei erabateko balioa kentzen diela, are eta gehiago bizitzaren iraunkortasunaren gainetik kapitalaren metaketa lehenesten den garaian. Horregatik, bizitzaren iraunkortasunari, zaintzari eta etxeetako elikaduraren erantzunkizuna hartzen dutenen bizitzak ez daude inondik inora erdigunean.
Baserriek emakumeei esker funtzionatu dute, langile nekaezinaren ideiari lotuta. Etxea zaindu dute, etxean bizi direnak, ingurua zaindu dute, eta, gainera, baserriko lan banatuak ere eraman dituzte aurrera. Horiek gainera ikusezinak izan dira, gizonen lanetan jarri baita begia. Ekoizpen zuzenarekin lotutakoak hartu du landa eremuan ere garrantzia eta emakumeen funtzioak behar beste aitortzarik ez du jaso. Horrek, zaintza lanen zein emakumeei egokitutako lanen gutxiespena eta zokoratzea ekarri du.
Hori ikertzen eta partekatzen jardun dugu esan bezala, Bortzirietan, Larrabetzun eta Zaldibian. Urtarriletik aurrera Sakanan ere errealitate hori hobeto ezagutzeko lanean izango gara.