Zaintza erregimen bidegabea aldatzeko, ezinbestean pentsatu eta ekin behar dugu elkarrekin. Udaletik, eragileetatik, komunitatetik…zer aldatu nahi dugun, zeinen artean, nola…pentsatzen jarraitzea ezinbestekoa deritzogu. Eta horregatik elkartu ginen aurreko asteburuan Hernanin Zaintza Lanen Demokratizaziorantz Jardunaldian.
Ostiralean Gurekin Naia Torrealdai izan genuen, Bilgune Feministako kidea: “Emakumeak zaintzaren izenean ezin gara autoinmolatu”. Zaintza Sistema Publiko eta komunitarioaren beharra azpimarratu zuen, “modu kolektiboan sustengatzeko esfera guztiak berregituratu behar dira”.
Ondoren Miren Arangurenek Emagin Elkarteak egindako “Beterri Buruntzaldeako zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena” aurkeztu zuen: “Aurkeztutako diagnostikoak jasotzen duen bezala, zaintza krisi batean murgilduta gaude, honen merkantilizazioa dela eta. Zaintza lanen aitortza sozial eta politikoa, zaintza lanak era justoago batean banatu eta zaintza lanetan dauden pertsonen bizi zein lan baldintzak duin bihurtzea dira lehentasunak”.
Bukatzeko, zertan aurreratu dugun aztertzeko aukera izan genuen Onix Cerda (Maitelan), Ibon Arrizabalaga (Arremanitz), Idoia Marinelarena eta Alazne Corralekin (Zabalduz kooperatiba):
“Auzozaintza sare Publiko komunitarioa” sortzen dabiltzan eragile ezberdinek azaldu duten bezala, 65 urtetik gora bakardade egoera ez-desiratuan dauden pertsonen zaurgarritasunari aurre egiteko formula berriak diseinatzen dabiltza. Horretarako tratu onei begira egongo den herri bat izatea eta zaintzara dedikatzen diren langileei aitortza eta lanak duintzeko baliabideak konpartitzea da bidea, etorkizunean izango ditugun zaintza beharrei ezingo diegulako erantzun.
Larunbateko jardunaldian ere esperientzia ezberdinak ezagutzen jarraitu genuen. Lehendabizi, Bartzelonako Radars proiektuaren txanda izan zen, zeinak 2009tik gaur arte hala erabaki gabe bakardade egoeran dauden pertsonen eta komunitatearen arteko lotura indartzen diharduen. Horretarako, inplikazio handiko anitzen arteko sare zabala osatu dute.
Bigarrenik, Matia fundaziokoak beste hainbat eragilerekin batera Usurbilen garatzen ari diren egitasmoaren berri eman ziguten. Bertan, zaintza ekosistema hobetu eta duintzeko saiakeran ari dira, erabakiak eta beharrak km 0-n kokatuz zein landuz.
Trabajadoras No Domesticadas elkarteko kide eta aliatuek EAEn etxez etxeko zaintza lanetan diharduten emakumeen egoera latzaren berri eman zuten. Langile horien egoera duintzeko epe labur ertainean eman beharreko urratsez aritu ziren. Zentzu horretan, etxebizitza eskubidea, osasunerako eskubidea eta formazio ahalduntzailea orain eta hemen bermatzea ezinbestekotzat jo dituzte aurrera begira egin beharreko beste aldaketa batzuk gauzatzeko.
Azkenik, Colectiu Punt6-en txanda izan zen. Gure hiri eta etxeak diseinatzerakoan publiko pribatuaren arteko dikotomia apurtu eta eremu errepoduktiboan egiten diren lanak komunitate mailan garatzeko gure ingurune hurbilean eman beharreko aldaketa fisikoez ohartarazi zuten. Etxebizitza kooperatiboetatik hasi eta ehun sozial oso baten inplikazio sustatzen duten proiektuen berri eman ziguten.
Gorputza ideia eta sentipen politez beteta bukatu genituen jardunaldiak. Bidea egiten ari garen askotarikoak topatu ginen Hernaniko kulturarteko plaza feministan, eta horrela zaila da baikorra ez izatea bestelako zaintza sistema baten langintzan.