Zaintza eredu berri bat birpentsatzeko prozesua abiatu zuten Usurbildarrek orain dela urtebete pasa. Pertsona bakoitzaren lehentasunei, nahiei zein erabakiei erantzungo dien zaintza ekosistema berri bat era kolektiboan eraikitzeko ibilbidea abiatu zuten, eta Emagin Elkartetik horretan guztian parte hartzeko aukera paregabea izan dugu. Lehen fasean parte hartzea prozesuan zaintzarekin zerikusia zuten pertsona eta eragile askorekin hausnarketa sakona egin zen zaintzaren ulerkeraren eta ekosistemaren gainean. Gako eta ertz horiek kontuan hartuta ekin zaio bigarren faseari. Talde zehatzetan jarraitu da erreflexioa, eremuz eremu eta horren erakusle izango da azaroaren 19an egingo den Zaintza Azoka. Komunitatearen, zaintza langileen, gizarte zerbitzuen, senitartekoen zein erabiltzeaileen ikuspegiak herritaratuko dira, denak nola gurutzatzen diren aztertzeko.
Horrekin batera, eta hitzaldi ziklo bat antolatu dugu, Emagin Elkartetik sustatu duguna. Izan ere, ezinbestekoa da zaintza lanak aitortzeko bidean, gure herrietako agendetan ere kokatzea, eta sentsibilizazio lana egitea. Zaintza lanek hari asko dituzte, eta horietatik egingo dugu tira datozen hilabeteetan. Zaintzak feminismotik nola definitzen diren aztertuko dugu, Euskal Herrian etxeko langileek dituzten aldarrikapenak herriratuko ditugu, adineko emakumeek zaintzan betetzen duten papera berraztertuko dugu, eta zaintzen duten herriak nolakoa diren irudikatzen ahaleginduko gara.
Informazio gehiago Usurbilgo Udalaren webgunean: www.usurbil.eus