«Zer da herri zaintzailea?» galdera horri erantzuteko asmoz hausnarketa prozesua jarri du abian Udalbiltzak irailaren 19an. Bi dira saio horien helburuak: alde batetik, herri zaintzailea zer den eta zein ikuspegitatik eraiki behar den definitzea, eta bestetik, udal mailako esku-hartzeari begirako proposamena garatzea. Horretarako, Euskal Herriko luze-zabalean gaia jorratzen ari diren hainbat hautetsi, teknikari eta norbanako elkartuko dira.
Apirilera bitarte 8 lansaio egitea aurreikusi dira, hilean bat. Tartean izango dira pertsonen zaintzaz hitz egiteko bi saio, lurraldearen zaintzaz aritzeko beste bi eta zaintza gobernantzatik lantzeko beste bi. Prozesuaren emaitzak ezezagunak izan arren, oinarrizko bost ikuspegi ezarri dituzte premisa bezala: ekofeminismoa, antiarrazismoa, antikapazitismoa, adinkeria eza eta euskara. Hain zuzen, ideia horietatik abiatuta sakondu nahi da herri zaintzaileen gogoeta zabalean.
18 pertsonako lantaldea osatu da era iraunkor batean lan egiteko, eta Emagini egokitu zaio saioen dinamizazio lana. Baina analisien bideratzeaz harago, prozesuaren diseinu fasean ere zuzenean parte hartu dugu, eta baita emaitzen sistematizazioan ere. Espero dugu hasierakoa besteko interesgarria izatea azkeneko emaitza.