Larrabetzuko lan saioa
Pixkanaka-pixkanaka politika publikoen agendan ari da sartzen zaintzaren gaia, mugimendu feministak egindako lanari eta interpelazioari esker. Geroz eta gehiago ari da nabarmentzen ordezkari politikoen diskurtsoetan, eta, adinekoen arreta ereduarekin bereziki, ari dira praktika batzuk aldatzeko lanean. Hain zuzen ere, tokiko administrazioak dira gaur egun kezka berezia agertu dutenak, eta prozesu parte hartzaileak abian jarri dituztenak zaintzaren antolaketa berri eta bidezkoak sustatzeko.
Horietako batzuen bidelagun ari da izaten Emagin Elkartea. 2022tik aurrera, Andoainen, Hernanin eta Usurbilen aholkularitza eta dinamizazio lanetan ari gara, izan zaintza taldeak laguntzen, talde eragileetan programazioan zein ekintzetan ikuspegi feminista txertatzen edota ekintza planak aurrera eramateko elkarlanean. Horrez gain, Larrabetzu, Zaldibia, Orio, Bortziriak eta Sakanan zaintza lanen diagnostiko prozesuak abiatu ditugu, lehen lerrora ekarriz historikoki heteropatriarkatuak desjabetu dituen emakumeak, zaintzaileak. Horietan jarri dugu arreta, profesionalki jardun edo harreman afektiboak tarteko zaindu.
Ez dugu nahi izan adinekoen zaintzan edota menpekotasuna artatzen duten baliabideetan zentratu, nahiz eta jakitun garen, horrek pisu nabarmena hartzen duela gizartean dugun erronkarengatik eta horrek dakarren lan zamarengatik; hots, urgentziengatik. Zabaldu nahi izan dugu ikuspegia eta saiatzen ari gara tokiko politiketatik gaur egun emakumeok pairatzen dugun zapalkuntza eta diskriminazioa zaintzatik ere hankaz gora jartzen.