conCapa, M18 elkarteak eta guraso talde batek Skolae programaren kontra jarritako hiruko salaketa dela eta, datorren ostiralean, ekainaren 14ean, 10 pertsona deklaratzera deitu ditu Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Tartean Emagineko kide den Idoia Arraiza Zabalegik deklaratu beharko du.
2017an abiatu zen hezkidetza programa integrala Nafarroan. Berdintasuna eta aniztasuna genero baldintzatzailerik gabe sustatzeko egindako ekinbidea da eta modu progresiboan jarri da martxan Nafarroako ikastetxeetan. Emagin Elkarteak hasieratik parte hartzeko gonbidapena jaso genuen eta zalantzarik gabe atxikitu ginen egitasmora, zapalkuntza patriarkalari aurre egiteko hezkidetza hasieratik izan delako ezinbesteko estrategia guretzat, eta hezkuntza gure eragin eremu. Horregatik, elkarlanean jardun dugu azken bi urteetan.
Emagin elkartetik gure babes osoa adierazi nahi diegu deklaratzera joan behar duten 10 pertsonei zein, azken urteotan, Skolae eutsi, babestu eta sustatu duten guztiei. Era berean gogor salatu nahi ditugu Nafarroako eraldaketaren kontra ari diren guztiak eta jazarpenaren bidez balio matxista eta diskriminatzaileak inposatu nahi dituztenak. Ez dira pasako!
UNESCOren 2019 hezkidetza sariaren hautagai
Skolae programa 2019ko UNESCOren emakume eta haurren heziketaren nazioarteko saria jasotzeko hautagai izendatu dutela adierazi zuen atzo Maria Solanak, Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, Baluarten izandako Skolae IV. jardunaldien irekieran. Balio izugarria duen izendapena da hezkidetzan egindako lan ona aitortzen duelako.