2019ko azaroan Euskal Herriko 5. Jardunaldi feministak egin ziren Durangon. 3000 emakume eta 350 kolektibo bildu ginen jardunaldietan Euskal Herriko Mugimendu Feminista egituratzeko eta aurrera begira ditugun erronken inguruan hausnartzeko. Durangon eztabaidatu genituenak jaso ditugu liburuan, eta atzo aurkeztu genuen Durangoko San Agustin kulturgunean.
Mugimendu feministako hainbat kide bildu ginen atzo 2019ko azaroko jardunaldi feministetan bizitakoak jasotzen dituen liburuaren aurkezpenean. Emagin elkarteak jaso eta garatu ditugu liburuko edukiak. Monika Mendiberrik, Emagineko kideak, azaldu zituen liburuaren garapen-prozesuaren nondik norakoak. Liburuaren funtsa memoria ariketa bat egitea dela adierazi zuen, baina, horrez gain, interpretazio kritiko bat egitea ere badela argitalpen horren asmoa. Liburuaren garapen-prozesuan jardunaldietan landutako materialaren analisia egin dugu, proposamenak, mahai inguruetako aktak eta herrikako diagnosiak aztertuz. Eta 2.631 feministek parte hartu dute talde-elkarrizketa bidez. Liburuaren atal batzuk subjetiboak direla azaldu du Mendiberrik: “Jardunaldietan parte hartu duten protagonista ororen bizipenak, emozioak eta tentsioak jasotzen ditu. Badaude elementu ez hain erosoak. Soluzionatu gabeko eztabaidak, izendatzeak eta kontzeptuak”.
Aurrera begira ditugun erronken eta lanketen inguruan jardun zuen Cony Carranza herri-hezitzaile feminista eta jardunaldien antolakuntzako lan-taldeko kideak. Liburuan egun haietan Durangon gertatu zena jaso dela eta hor heldutako eztabaidetan bidea egiten jarraitu nahi dutela adierazi zuen, prozesuetan sinesten dutela eta lanketak arduratik egiten jarraitzea dugula erronka.
Liburuaren ale bakoitza elebitan argitaratu da, euskaraz eta gaztelaniaz eta 18 euroren truke izango da salgai Euskal Herriko saltokietan. Datozen egunetan aurkezpen gehiago egingo dira Euskal Herriko hainbat udalerritan: Ondarroan, Arrasaten, Zumaian, Oreretan, Oiartzunen eta Zizurren.