‘SALDA BADAGO’ LIBURUA

2019ko azaroaren 1, 2 eta 3an “Salda Badago”  Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetara bertaratu zen ororentzat ezinbesteko esperientzia izan zen, memorian iltzatuta gelditzen den horietakoa. Nolanahi ere, joaterik izan ez zuten asko izan ziren, deituak sentitu ez ziren ugari, joan nahi ez zuten batzuk. Horrexegatik, garrantzitsua iruditu zaigu Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan bizitakoa ordenatzea zein berreraikitzea,  Durangoraino eraman gintuen prozesuaren interpretazio kritiko bat egitea eta hortik irakaspenak ateratzea eta elkarbanatzea. Gainera, ezinbestekoa da gure memoria eraikitzen joatea, egin duguna aitortzeko nahiz etorkizunari begiratzeko.

Liburuan duzuena Salda Badago prozesuaren sistematizazio-lan bat da, Emagin Elkartea eta Salda Badagoko lan taldearen artean ondutakoa. Herri-hezkuntzan eta prozesu sozialak lantzeko erabili ohi da, datuak zein informazioa era ordenatuan jasotzeko eta egindako ibilbide horietatik irakaspen kritikoak azaleratzeko. Izan ere, gisa honetako esperientziak prozesu historiko eta sozial dinamikoak dira, eta etengabe berrikusten eta mugitzen dira. Aldi berean, prozesu konplexuak dira eta erlazionatuta dauden faktore objektibo zein subjektiboek esku hartzen dute. Besteak beste, hauek: testuinguru edo une historikoaren baldintzak, helburu batzuk erdiesteko pertsonek egiten ditugun ekintzak, ekintza horiek eragindako erreakzioak, esperotako edo espero gabeko emaitzak, prozesu horietan esku hartzen duten subjektuen pertzepzio, intuizio, interpretazio nahiz emozioak, eta haien arteko harremanak.

Esan bezala, Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak aparteko bizi-prozesuak izan ziren; bertaratu ziren feminista orotarikoen bizipenen batura aberatsa. Zalantzarik gabe, prozesu errepikaezina. Horregatik, gertatu zena ulertzeko sortu dugu material hau, Durangon gertatutakotik irakaspenak jaso eta komunikatzeko. Kritikoki jabetu nahi dugu jazotakoaz, ikasitakoa partekatu eta memoria feminista eraikitzen jarraitu, etorkizuna ikuspegi eraldatzailearekin bideratzeko.

[/et_pb_column]
[/et_pb_column]