Sakanan Gizontasuna lantzen duen gizon taldea
Badira urte batzuk Sakanan eta Altsasun gizonok gure munduan egoteko moduari buruz hausnartzeko guneak sortu dituela Emaginek. Gizontasuna hainbat ertzetatik lantzeko tailerrak: sistema sexu-generoa, komunikazioa, rol eta estereotipoak, pribilegioak eta horiek zalantzan jartzeko tresnak… Saio bakoitzak gai horietan sakontzeko aukera ematen digu, ez bakarrik teoriatik, baita bizipen pertsonal eta kolektibotik ere.
Aurten, urrats garrantzitsu bat eman dugu: hamar partaide inguru biltzen dituen talde bakarra finkatzea. Kopuru apala dirudi, baina prozesu horietan topaketaren kalitateak kantitateak baino pisu handiagoa du. Adin eta motibazio aniztasunak espazioa aberasten du eta trukea sortzen du, non bakoitzak aldi berean ekarpenak egin eta ikasten duen.
Saioak askotarikoak izan dira ikuspegiari eta dinamikei dagokienez. Teoria trinkoko uneak izan dira, eztabaidak kokatzeko beharrezkoak; beste batzuetan taldeak kezka pertsonalak partekatu ditu, elkarrizketa irekiak eta zintzoak sortuz; eta gorputza eta espazioa ere aztertu ditugu, nola mugitzen garen eta gure presentziarekin zer transmititzen dugun aztertuz. Ikuspegi horiei guztiei esker, urratsez urrats egin dugu aurrera, ideia zurrunak desmuntatuz eta galdera berriak irekiz.
Azken saioetan, kezka sortzen duen gai bat sortu da behin eta berriz: diskurtso antifeministen gorakada sare sozialetan, neoliberalismoak eta sektore erreakzionarioek elikatuta. Horiei aurre egiteko estrategiak landu ditugu, manosfera eta narratibak ulertuz, eta argumentario sendo bat eraikiz, mezu horiei ikuspegi kritiko eta konprometitu batetik erantzuten lagunduko diguna.
Gure metodologiak parte-hartzailea izaten jarraitzen du: oinarri teoriko batetik abiatzen gara, baina gero bakoitzak egiten ditugun galderen inguruan lan egiten du, eroso sentitzen den neurrian partekatuz. Beti ateratzen da zerbait argi, baita deserosotasuna dagoenean ere. Prozesuaren parte da: gizontasunari buruz hitz egiteak pribilegioak zalantzan jartzea eta orain gutxi arte naturaltzat jotzen genituen egiturak desmuntatzea dakar.
Gaur egun, hilean behin biltzen gara Altsasuko Gure Etxean. Gizontasun tradizionala arakatzen eta desarmatzen jarraitzen dugu, gizon askeagoak, justoagoak eta kontzienteagoak izateko moduak eraikitzeko.