SAIAZ MANKOMUNITATEKO I. BERDINTASUN PLANAREN EBALUAZIO KUALITATIBOA

2008ko abenduan aurkeztu zen Lehen Berdintasun Diagnostikoa eta hau oinarritzat hartuta osatu zen I. Berdintasun Plana, Saiazen. 2011ko maiatzeko udal hauteskundeen emaitzen ondoren, udal ordezkari politiko berri guztiek ez zuten egitasmo honekin bat egin eta udalen mankomunitatearen bitartez, Bidania-Goiatz, Albiztur eta Errezilgo udalek Berdintasun Planarekin aurrera egitea erabaki zuten.  7 urte pasa ondoren, berdintasun politiketan sakontzeko asmoz, Emagin Elkarteari egokitu zitzaigun horren ebaluazio kualitatiboa egitea eta aurrera begirako lan ildo eta ekintzak zehazteko prozesua aurrera eramatea.  Horretarako, hainbat elkarrizketa sakon eta talde parte hartzaile egin ditugu. Halaber, urteotan guztiotan sortutako dokumentazioa aztertu dugu. Bereziki emakumeei galdetu diegu zeintzuk izan diren zailtasunak eta zein ildo izan diren arrakastatsuak honako hiru ardatz estrategikoetan: Emakumeen ahalduntzea eta balioak aldatzea; erantzunkidetasuna eta bateragarritasuna (zaintza); eta emakumeen aurkako indarkeria.  Ebaluazioa egin eta gero, etorkizuneko ildoak zehazteko, lanean ari gara. Irailetik aurrera, eskualdeko politikari, teknikari eta herrikideekin jardungo dugu datozen urteetako politika feministak zehazten, hainbat saio parte hartzaileen bidez.