Berriatuko Udalaren politika feministak hobetzeko aholkularitza zerbitzua
2022tik hona eskuz-esku ari gara Berriatuako politika feministak hobetzeko lanean Emagin Elkartea eta Berriatuako Udala. Urte horretan herriko gizon eta emakumeen egoeraren berri ematen zuen diagnostiko bat osatu genuen, eta baita zapalkuntzak ezabatzen joateko Berdintasun Plan berria ere.
Egun indarrean dagoen Berriatuako II. Berdintasun Planean jasotzen dira herriko genero desparekotasunak gainditzeko 2023-2026 aldian aktibatuko diren neurriak. Halaber, Berdintasun Plana aurrera ateratzeko baliabide materialak hobetzearekin batera, giza baliabideak hobetzeko erabakia hartu zuen Berriatuako Udalak, eta horren ondorioz hasi ginen Emagin Elkartetik aholkularitza zerbitzua garatzen bertan.
Urte bete pasa da aholkularitza zerbitzu hori ematen hasi ginenetik eta orain arteko ibilbidearen balantze positiboa egiten dugu. Azpimarratuko genuke tarte horretan Herriko Politika feministak modu parte hartzailean erabakitzeko Foro Feminista sortu dugula eta baita herritarren prestakuntza feminista sustatuko duen Eskola Feminista ere. Emaitzak ikusteko oraindik bide luzeago bat behar den arren, ziur gaude bi egitasmo hauek ekarpen sakona egingo dutela Berriatuako eraldaketa feministan.
Aipatu beharrekoa da ere prozesu hauetarako behar izan ditugun baliabide grafikoen diseinuak Emagin Elkartearen komunikazio lantaldeak sortu dituela.
2024an ere ilusioz jarraituko dugu Berriatuan lanean.