BAGA ETA BAGABIZ, BERRITXU FEMINISTA
Orain arte, Berriatuan garatu diren berdintasun politikak I. Berdintasun Planaren baitan garatu izan dira. Prozesu xume baten bidez zehaztu zen plana, eta gerora, zailtasunekin topatu ziren aurrera eramateko; izan ere, oso baliabide tekniko gutxi daude herri txikietan, eta jarraipena egiteko bestelako Berdintasun egiturarik ezin izan da sortu.
2022an, batetik, egungo gizon eta emakumeen egoera aztertu dugu, horien artean dauden bereizkeria egoerak argitara ekarriz eta horiek iraultzeko aukeretan arreta jarriz. Bestetik, egoera iraultzeko orain arte egindakoa aztertu dugu, ekintzen eraginkortasuna neurtzeko eta emakume zein gizonen bizitzetan izandako eraginak aztertzeko. Azkenik, zapalkuntzak ezabatzen joateko Berdintasun Plan berria zehazteko prozesua egiten ari gara.
Hori guztia egiteko, prozesu parte hartzailea lehenetsi dugu; izan ere, prozesuak eta planak arrakasta izateko, ezinbestekoa da herrian errotua egotea, tokiko bizipenetatik abiatzea eta administrazio publikoaren osagarri izango diren egitura herritar iraunkorrak sortzea.