ATAUNGO EMAKUME ZAINTZAILEEN GENEALOGIA

Emakumeen eremu naturaltzat hartu izan da zaintzarena. Hori problematizatu zuen pentsamendu feministak eta berretsi, kulturala dela izateko eta egiteko modu oro. Bizitza, kultura, ekonomia, politika eta, nola ez, zaintzak. Ibilbide horretan urrats bat eman nahi izan dugu ikerlan honekin.

Aitortza ariketa bat da, Ataungo emakumeen, lehengoen eta oraingoen lan eskergarena. Berrikuspen bat ere izan nahi du: zaintzaren naturalizazioari eta mitifikazioari beste kontzeptu batzuk ere gehitu nahi dizkio. Hala nola eraikuntza, gatazka, kolektibotasuna edota elkarrekikotasuna. Zaintza lanetan murgilduta bizi izan diren langileen egoerarekin fidela izan nahi du lanak: maitasunaren pozaz harago, zaintzearen hazkurak, kontraesanak eta minak ere azalaraziko dituena.

1950etik 2020 arteko askotariko emakume zaintzaileen genealogia ondu dugu, euren hainbat bizi esperientzia eta munduan egoteko moduen ertzak jasota: generoa, klasea eta arraza ardatz. Bi ildo ditu etnografiak, bata, neskametatik etxeko langiletarako genealogia; bestea, etxekoandreetatik gaur egungo ametarakoa. Aztergai izan ditugu baserri naiz kaleko barruko eta kanpoko lanak, familia-harremanak, amatasunak, adinekoen zaintza, emakumeen eskubideen aldeko borroka, ahizpatasuna nahiz bakardadea.

Ez da emakume guztien kontakizuna; guztiek ez baitute era berean zaindu: zaintzea aukeratu ala ez, zaintzari emanda bizi izan direnak askotarikoak, baina profil berekoak izan dira azken mendean: landa-eremuko, langile-klaseko eta migranteak. Egungo zaintza krisia ulertzeko ariketa ezinhobea da memoria; erresistentzia praktika ere bada memoria egitea, eta horretan lagundu nahi izan du lan honek.

Lan hau Ataungo “Joxemartin Apalategi Begiristain” bekaren baitan egin dugu.

Oñatiko emakumeak