Uda amaieran loratu da “Petare, Miren Egigurenen puskak” liburua. Emagineko kidea dugun Leire Ibargurenek idatzi duen bigarren liburua duzue, eta oraingoan ere, Emagin eta Txalapartaren elkarlanaz hezurmamitu da ausarta, hunkigarria, gogorra, maitagarria eta puskatzailea den eleberria.

“Ibarguk idatziko badu, liburuak mereziko du, aurrera!”. Horixe da, finean, Emagin elkarteko unibertsoak buruaren bueltan izan duena, 2019az geroztik. Liburua eskutan duzula, lehen lerro batzuk soilik irakurtzearekin, konturatuko zarete bizitza ezberdin batekin lotzea dela; ezberdin bezain ezaguna zaizula; miresgarria baina zinez erreala dela. Kontakizun goxo, argi eta errez batean josi ditu 9 puska, bederatzi pasarte.  Irakurlearen begirada ohituak ez gauden bizipenetan jartzeko magia izan du. Egunerokotasunean oharkabean pasatzen diren erreferenteak direlako liburu honi esker erdigunean jartzen direnak, beste behin: emetasunaren mandatuetatik ihes egin duten emakumeen ahotsak.

Miren Egigurenen bizitza jaso du Ibargurenek oraingoan; hots, bizibide kementsu, koherente, eta umila izan duen Bidaniarrarena. Venezuelan  46 urte luzeetan bizi izan zen, Petaren, non eta Caracaseko auzorik pobreenean. Bertakoekin, bertako bat izan saiatu zen:  zoriontsu, libre eta inguruko guztien bizitzak hobetzeko etengabeko txingurri lanetan aritu zen.

“Sinestuna naiz, bai; baina nik nigan sinisten dut. Nire barne indarra da nire bizitzako motore. Eta motorra indartsu dago, bizi gogoz”. Hitz horiekin, Tolosako liburuaren aurkezpenean hunkitu gintuen bertaratutakoak. Kutsatu zigun bizi gogoa, eta sinestarazi aldaketak eta iraultza txikiak gure egunerokotasuna eraldatu dezaketela, zein zentzuz bete.

Harro gaude liburuaz, zinez eskertua “Ibargu”-ri.

Aurrean duzue beraz gure gonbitea. Eskuratu liburua eta murgildu istorio txikiz jositako Mirenen bizitzan.

 

 

*Liburua eskuratzeko: edozein liburudendetan. Txalaparta argitaletxearen bidez edo eta Emagin elkartearen bulegoan. Eskariak bulegoa@emagin.eus helbidean ere jaso ahal ditugu. Abenduan Durangoko azokan izango gara.