Maiatzaren 24ean, ‘Interkooperazio feminista, zertarako eta zergatik?’ jardunaldiak antolatu zituen LARRUTIK sareak Hernanin. Proiektu kooperatiboetako eta bestelako erakundeetako 120 kide inguru batu ginen bertan, elkarlanaren eta saretzearen garrantziaz hausnartzeko.
Biteri Kultur Etxean hasi zen eguna, mahai-inguru nagusiarekin, eta ondoren lau tailerretan banatu ginen, Kulturarteko Plaza Feministan. Lanketak egiteaz gain, elkarrekin egoteko eta gozamenerako espazioak ere izan genituen, bakarrizketa eta solasaldi musikatu batekin.

“Haz ‘compitas’, no compitas”
Zaila da merkatu kapitalista batean alternatibak sortzea. Merkatu horrek arau zehatz batzuk ditu eta, besteak beste, elkarren arteko lehia sustatzen du. Interkooperazio feministak, gainontzeko proiektuak lehiakide gisa irudikatu ordez, elkar laguntzeko aukera gisa ikusten ditu, denontzako lan eta bizitza duinak lor ditzagun.
Tamalez, LARRUTIK sareko kideok mahai-inguru nagusian aipatu genuen moduan, erreferente falta handia dago oraindik, eta erreferenteak sortu eta ezagutu nahian ari gara. Horregatik gonbidatu genituen Katalunian interkooperazio feminista sustatzen ari diren eragileak.
“Ekonomia sozialaren eremua oso maskulinizatua dago ikusgarritasunari dagokionez, eta horregatik da garrantzitsua interkooperazio feminista espazioak sortzea”, aipatu zuen Amanda Alexanianek, Almena kooperatiba feministako kideak.
Almenak Cercle d’economies feministes eta Red de transiciones feministas sareetan parte hartzen du, eta espazio horien garrantziaz hitz egin zuen Amandak: “Guk beste ikuspegi batzuk jartzen ditugu mahai gainean; adibidez, aurrekontuak aurkezteko garaian, pedagogia egiten dugu ordu erreproduktiboen garrantziaren inguruan”.

“Feminista izateak penalizatu egiten gaitu, oso astunak garelako. Erosoagoa da Martxoaren 8an eta Azaroaren 25ean soilik feministak diren enpresekin elkarlanean aritzea”, zioen Blanca Valdivia Gutierrezek. Blanca Col·lectiu Punt 6 kooperatibako kidea da eta La Insòlita sarean parte hartzen dute. Kataluniako sare hori bederatzi proiektuk osatzen dute eta ekonomia sozialean eta administrazio publikoan eragin politiko feminista sustatu nahi dute.
Sare bereko partaide da ere La Creatura proiektua. Bertako kide den Arba Arellano Arnedok balioan jarri zuen interkooperazio feminismorako espazioak sortzea: “Beste era batean lan egiteko eta elkarrekin ekonomia feministaren oinarriak erdigunean jartzeko ahalegin kolektiboa da”.

Larrutik jardunaldia mahai ingurua

Izan ere, interkooperazio feministak ekonomia feministatik edaten du zuzen-zuzenean. Horren inguruko testuinguru teorikoa Mirene Begiristain Ekonomian Doktoreak eman zuen: “Ekonomia feminista eta genero ekonomia nahasten dira askotan. Ekonomia feminista lana beste modu batean ulertzean datza”.

Gure helburua ez da hobeto produzitzea, hobeto bizitzea baizik. Horrek etengabeko talkak eragiten ditu bizitza eta lanaren artean, nahitaez merkatu kapitalistaren baitan mugitzen garelako. “Noraino deskonektatu gaitezke kapitalismotik eta merkantilizaziotik?”, hausnartu zuen Mirenek.

Amaieran LARRUTIKeko kideok aipatu genuen moduan, utopikoak izatera kondenatuta gaude. Eskerrak ematen dizkiogu mugimendu feministari, handik inspiratu eta edaten dugulako, guk gure eremuan ekiteko. Desobedientzia eta erresistentzia kolektiboa bultatu behar dugu, etorkizunean beharko dugulako.

 

Eremuz eremu, interkooperazioa aztertzen

Mahai-inguru nagusiaren ondoren, lau tailer eskaini genituen, interkooperazioa eremu ezberdinetatik aztertzeko asmoz.

Kulturarteko Plaza Feministako aretoetako batean, interkooperazio feministaren aukerak aztertzen aritu ziren. Elkarlan eta elkarlaguntza espazioak sortzeak zertan lagun gaitzaken landu zuten, Emagin eta Harago taldeen dinamizazioarekin. Halaber, interkooperazio feministarako espazioak eremu ezberdinetan sortzeko erronken inguruan hitz egin zuten.

Beste gela batean, amatasunek proiektu kooperatiboetan duten eragina aztertu zuten. Artaziak eta Farapi Kooperatibek proiektu kooperatiboen arteko elkarrizketa-saioak bideratu dituzte azken hilabeteotan, amatasunaren gaiari heltzeko. Tailer horretan, prozesuan zehar egindakoa azaldu zuten eta informazioa osatu zuten elkarrekin, honako galderen inguruan: Zer nolako eragina izan dute amatasunek gure proiektu kooperatiboetan? Zer nolako tresnak ditugu horri aurre egiteko? Nola bizi izan ditugu amatasunak gure proiektuetan?

Aldi berean, barne-araudi feministen inguruko lanketa egin zuen beste talde batek. Kooperatibek haien barne-araudietan ikuspegi feminista txertatzeko azterketa egiten aritu da Farapi, eta tailerrean horren inguruko gogoeta nagusiak partekatu zituzten. Halaber, Almenako Amandak haien esperientzia partekatu zuten, barne-araudi feministen gaian bete-betean murgilduta daudelako.

Azkenik, instituzioekiko harremana arakatzeko tailerra egin zuten gainontzeko partaideek.  Irule eta Parean elkarteek dinamizatu zuten, erakunde publikoekin harremanak eraikitzeko eta gure eta haien beharrak eta premiak amankomunean jartzeko. LARRUTIK sareko kide askok instituzioekin lan egiten dugu sarritan, kontratu zuzenekin, lizitazioen bitartez edo diru-laguntzen bitartez. Horietan ezartzen diren baldintzek eragin zuzena dute kooperatiben bizigarritasunean, eta horregatik Administrazioak eman ahal dituen aukerei eta mugei buruz hausnartu zuten elkarrekin.

Goizeko lanketen ondoren, Beatriz Eguizabalen bakarrizketaz gozatu genuen. Barre algaraka amaitu genuen eta, saretzen eta elkar ezagutzen jarraitu ahal izateko, elkarrekin bazkaldu genuen, Larrea hurbileko janari kooperatibaren eskutik.

Itxiera borobila Ines Osinagak eman zuen arratsaldean, solasaldi musikatu batekin. Bere musikaz gozatzeaz gain, kulturaren eremuan kooperatiba txikia izatearen esperientzia kontatu zigun. Gaur egun, Ines Osinaga Mauriziak Ez dau Iñor Hil kooperatibako kide da eta kultura beste era batean ulertzeko eta  lanean ari dira.

LARRUTIK sareari buruz

LARRUTIK ekonomia Sozial Eraldatzaile Feministaren markoan lan egiten dugun kooperatiba eta elkarte sarea da. Oraingoz, eragile desberdinek osatzen dugu: Ara!Gorputz, Artaziakoop, Eihera, Emagin, Farapi, Harago, Irule, Juntura eta Parean.

Ekonomia feminista sustatuko duen zirkuitu ekonomikoa sortzea dugu amets eta helburu. Horrela, ekonomia feministak eskaintzen digun marko teoriko zein praktikoa gure gain hartzen dugu, barne zein kanpo mailan eragin nahi dugulako.

Askotariko eraldaketa feministak sustatu nahi ditugu: lana bizitzeko eta ez lanerako bizi, lan-baldintzak ikuspegi feministetatik definitu, merkatuan estandar feministak ezarri eta berriak sortu, interkooperazio feministan oinarrituko diren harremanak bultzatu, eraldaketarako lan egin eta ez sistema kapitalista heteropatriarkala birsortzeko.

[Jardunaldi hauek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren sustapen eta finantzaketari esker antolatu ditugu, besteak beste].