Manifestu honen bidez, LARRUTIK Interkooperazio Feminista aurkeztu nahi dugu, Ekonomia Sozial Eraldatzaile Feministaren markoan lan egiten dugun kooperatiba eta elkarte sarea.
Oraingoz, eragile desberdinek osatutako sarea da LARRUTIK: Ara!Gorputz, Artaziakoop, Eihera, Farapi, Harago, Irule, Juntura, Parean eta Emagin Elkartea.
Ekonomia feminista sustatuko duen zirkuitu ekonomikoa sortzea dugu amets eta helburu. Horrela, ekonomia feministak eskaintzen digun marko teoriko zein praktikoa gure gain hartzen dugu, barne zein kanpo mailan eragin nahi dugulako.
Askotariko eraldaketa feministak sustatu nahi ditugu: lana bizitzeko eta ez lanerako bizi, lan-baldintzak ikuspegi feministetatik definitu, merkatuan standar feministak ezarri eta berriak sortu, interkooperazio feministan oinarrituko diren harremanak bultzatu, eraldaketarako lan egin eta ez sistema kapitalista heteropatriarkala birsortzeko…
Baina baita bizitzako eremu ezberdinetan eragin ere; ez bakarrik gure barne dinamiketan, baizik eta parte hartzen dugun espazio sozioekonomikoetan ere bai.
Beraz, eraldaketa era zabalean ulertzen dugu: intzidentzia politiko-kultural zuzenarekin lotuta dauden ekintzez gain, tokiko prozesuak, beste eragile batzuekin ditugun harremanak, edota gure arteko saretzea ere ditugu langai.
Horretarako, errealitateari zein ditugun harreman sozioekonomikoei modu kritikoan begiratuko diogu; baina baita hausnarketa eta etengabeko berrazterketaren bidez, gure baitako dinamikak ere arakatu nahi ditugu. Are gehiago, gure burua nahiz gizarteko beste eragileak ere interpelatzea dugu helburu.
Lurraldetasunari dagokionez, tokian toki eta zero kilometroan sinesten dugu, alegia, elkarreragin esparru logikoetan mugitzen garela. Sinesten dugu, eredu hau esportatu, errepikatu eta moldatu daitekeela, tokiko behar eta ezaugarrien arabera. Askotariko Larrutik ezberdinak egon daitezkeela pentsatzen dugu. Horregatik, Euskal Herri mailako koordinazio eta saretzeari garrantzia berezia ematen diogu.
Hala, LARRUTIK helburu, oinarri eta proposamen hauekin jaio da:
• Ekonomian ikuspegi feministatik jardutea.
• Bizitza-zaintza-gorputzak erdigunean jartzea.
• Saretuta egotea, lehiatik atera eta elkarlanean aritzeko.
• Ezagutza partekatu eta elkarrekin hausnartzen eta probatzen jarraitzeko sarea izatea.
• Euskaratik lan egitea.
• Merkatuaren hazkunde etengabearen aurrean, txikitasunetik abiatzea.
• Lan baldintzak eta, ondorioz, bizitzak hobetzearen alde borrokatzea.
Larrutik gara, egindako lanak laztutako azaletatik hitz egiten dugulako. Pilatutako orduek, larrua ondu digutelako; bizitakoen orbainek indar eman digutelako; sarri, larrua jokatu dugulako gure bizi proiektuekin eta konturatu garelako, larru-lagunez biltzea ezinbestekoa dela aurrera egiteko. Larrugorritan utzi nahi gaituen sistema kapitalista honen aurrean gure larruazalak ateratzen ditugu aurrera, nazkatuta gaudelako gure pausu bakoitza larrutik ordainduko dugula entzuteaz. Horregatik guztiagatik, larruduraz beteriko azal multzoa garelako, badakigu nondik eta nora hitz eta ekin nahi dugun. LARRUTIK.
Larrutik Interkooperazio feministarako sarea publikoki aurkezteaz gain, datorren MAIATZAREN 24ean egingo dugun INTERKOOPERAZIO FEMINISTAREN JARDUNALDIAren berri eman nahi dizuegu. Maiatzaren 24an, ostiralarekin izango da eta Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan. Ekonomia feminista izango dugu hizpide eta hausnarketarako gai. Aurrerago emango dugu egitaraua eta izen ematearen berri, baina oraingoz, gorde data!
Sarearen lanaren berri izateko, jarraitu LARRUTIK sare sozialetan:
Instagram: Instagram Larrutik