Joan den azaroaren 18an Bergarako Udalak prentsaurreko batean aurkeztu zuen Hezkidetza Programaren koordinazioan eta esku-hartzean lan egiten du Emagin Elkarteak. Programa hau harreman parekideak, hezkuntza afektibo-sexuala eta tratu onak sustatzeko helburuarekin sortu da. Bergarako Udalaren III. Berdintasun Planaren barruan kokatzen da, emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna bermatzea eta indarkeria matxistari aurre egitea helburu duten neurriekin bat eginez.
Programa honen helburu nagusiak berdintasunaren aldeko ikuspegia hezkuntza-komunitatean txertatzea, harreman osasuntsuak eta errespetuzkoak sustatzea eta, batez ere, indarkeria matxistaren prebentzioan eragitea dira. Programak hezkuntza formalean eta ez formalean eragitea du xede, eta ikasle, irakasle, guraso nahiz herriko eragileak barne hartzen ditu.
Ekintza Zehatzak:
1. Ikastetxeetan esku hartzeak: Ikastetxeetan formazio saioak antolatuko dira, DBH eta Batxilergoko ikasleentzako saio misto eta ez mistoekin, genero estereotipoak desegiteko eta elkarbizitza positiboa sustatzeko.
2. Hezkuntza afektibo-sexualaren tailerrak: Ikasle, irakasle eta gurasoentzat antolatuko diren tailerrak, sexualitate eta afektibitate osasuntsua eta errespetuzkoa lantzeko, komunikazioa, adostasuna, eta mugak bezalako kontzeptuak sakonduko dituzte.
3. Gurasoentzako tailerrak: Gurasoei etxean hezkidetza lantzeko trebetasunak eskainiko zaizkie, eredu positiboak izan daitezen eta berdintasunaren aldeko diskurtsoa etxean ere sustatu dezaten.
4. Hezitzaileentzako formakuntza: Aisialdi eta eskola kirolean aritzen diren hezitzaileei genero ikuspegia eta indarkeria matxistaren prebentziorako tresnak eskaintzeko prestakuntza emango zaie.
5. Komunitate osoaren inplikazioa: Programa honek herriko eragileekin lankidetza bultzatzen du, mugimendu feminista eta berdintasunaren aldeko taldeekin elkarlanean, sentsibilizazio kanpainak eta ekintzak antolatuz.
6. Aholkularitza eta arreta zerbitzua: Berdintasun zerbitzuarekin koordinatuta, aholkularitza eta protokoloak aktibatuko dira beharrezkoa denean indarkeria matxistari aurre egiteko.
Hezkuntzan eragiteaz gain, Bergarako eguneroko bizitzan ere eragina izatearen helburua du, berdintasunaren aldeko jarrera proaktiboak sortzeko, harreman parekideetan oinarritutako gizartea eraikitzeko eta indarkeria matxista desagarrarazteko urrats sendoak emateko.