Pasaden maiatzaren 13an Zaintzak Erdigunera eguna ospatu genuen Hernanin. Goizean goizetik hasi ginen lanean, kalean askotariko zaintzaileen egoeraren gaineko informazioa zabalduz. Zaintzaileen profila orotarikoa izan arren, badaude komunean dituzten hainbat egoera: prekarietatea, lanaren gutxiespena, soldata baxuak, erlojuaren kontra aritzea, denbora falta…Eta horien gainean kontzientzia sortzeko batu ginen Plaza Berrin. Ondoren, mahai inguruan bildu ginen Hernaniko zaintza komunitarioaz aritzeko. Bertan, ahots ugari bildu genituen komunitate indartsuek duten garrantziaz aritzeko, elkarlana eta auzolana ezinbestekoak direla aipatzeko, eta, zalantzarik gabe, horrek gure osasunean (bai fisiko zein mentalean) eragin positiboa duela adierazteko. Osakidetza, gizarte zerbitzuak, Auzozaintza programa, Odol emaileen elkartea, Etxeberri auzo elkartea, Auzokide, zein bertako bizilagunak bildu ginen, eta bakardadeari aurre egiteko pilula ezinbestekoa elkar zaintza dela ondorioztatu genuen.

Egunari amaiera emateko eta herri zaintzaile baterako oinarriak jartzen hasteko, zaintzen dutenen ahotsak ekarri genituen lehen lerrora, mimoz egindako ekitaldi batean. Gorputzaren garrantziaz jabetzeko mugimenduak hartu zuen hasieran erdigunea, ondotik zaintzaileen bizipen eta errelatoak entzuteko. Zaintzaile internen egoera, familian zaintzen dutenena, etxez etxeko zerbitzuan lanean daudenena, aniztasun funtzionala duten gurasoena, ama egin berri direnena, besteak beste entzun genituen. Hunkigarriak izan ziren guztiak, asko ezezagunak, zuzenean aurrez aurre sekula entzun gabekoak; izan ere, gutxitan ematen zaie hitza zaintzaileei eta eskaintzen dira plazak pribatutzat hartzen diren gaiei buruz mintzatzeko. Bakoitzak bere esperientzia kontatu arren, kontakizun kolektiboa ere izan zen, errepikatzen diren gutxiespen, babes falta eta diskriminazioari, herri bezala aurre egiteko prestutasuna ere badugulako. Kantuz, bertsoz eta irudiz osatu genuen bertan jasotakoa, eta mokadu batekin bukatu genuen eguna.

Zaintza lanen inguruan hausnartzera batu gara talde bat eta horixe ere aurkeztu genuen. Askotarikoak gara, eta askotarikoak dira gure jardun esparruak. Batzuk zaintzaile profesionalak gara, beste batzuk familian edota komunitatean egiten dugu lan, feminismoan, arrazakeriaren kontrako borrokan, osasun arloan, udalgintzan edota sindikalgintzan. Guztiok ordea kezka berbera dugu: Hernanin zaintza lanak era bidegabean antolatzen dira, eta horiek demokratizazio bidean jarri behar ditugu.

Gure lehen aletxoa izan zen pasaden larunbatekoa, baina lanerako gogoz atera ginen bai antolatzen jardun dugunak, baita bertaratutako asko ere. Babesa sentitu genuen, egin nahi dugunari bultzada handia. Horregatik, laster izango duzue gure berri. Mila mila esker Zaintzak erdigunera eguna posible egin zenuten guztioi, bihotzez.

 

 

Hernanin zaintza lanak erdigunean jartzeko egindako lanari buruzko informazio gehiago ikusi hemen.