(ez)Amatasunak ikuspegi feministatik

Errebeldiak, bakardadeak, epaiak, armairuak, kulpak, iruditeriak, zalantzak, esperientziak… Askotarikoak. Amatasuna, izan aukera, esperientzia, erabakia, ezintasuna edota uko egiten diogun zerbait, emakume ugari zeharkatzen gaituen gaia da. Horregatik esaten dugu (ez)amatasunarena esperientzia kolektiboa dela. Are, izaera guztiz politikoa duen esperientzia kolektiboa da eta horregatik da feminismotik landu beharrekoa. Argi dago amatasunak askotariko esperientziak jasotzen dituela, baina, era berean, kontrol heteropatriarkala iraunarazteko instituzio ere badela.

Azken sasoian, bizitzak erdigunean jarriko dituen gizarte eredu justuago bat aldarrikatzen gabiltza eta horri lotuta gure zaintza sistema jarri dugu jomugan. Bada, bizitzaz eta zaintzaz ari garen honetan, ezinbestekoa da amatasunak gizarte erakunde gisa duen papera aztertzea. Halaber, XXI. mendeak bere dituen ezaugarriekin batera  aztertu behar da (ez)amatasunen afera. Aldatu egin baita emakumeok lan merkatuan dugun presentzia, arlo produktibo-publikoak gure bizitzetan duen lehentasuna, harremanak eraikitzeko erak, sare sozialak… Horrek guztiak begirada eguneratzea eskatzen du.

Ikuspegi feministatik aztertu nahi dugu gurasotasuna, eta horri espazio bat ematera datoz azaroaren 11 eta 12rako Emagin Elkartetik antolatu ditugun jardunaldiak. Bi egunetan zehar goiz eta arratsaldeko egitaraua izango dugu. Irailetik aurrera izango ditugu sarrerak eskuragarri.

Web-orrialde hau informazio guztiarekin eguneratuz joango gara: https://amatasunakfeminismotik.emagin.eus/ eta sare sozialetan ere topatuko gaituzue:

Instagram: https://www.instagram.com/amatasunakfeminismotik/

Twitter: https://twitter.com/amatasunak

Animatu!