(ez)amatasun jardunaldien aurkezpena

 

Datorren azaroaren 11 eta 12an (Ez)amatasunak ikuspegi feministatik aztertzeko jardunaldiak antolatu ditugu Emagin Elkartetik. Gure buruari atxiki diogun helburuarekin antolatu ditugu jardunaldiak: Euskal Herria feminista bilakatzea, eta burujabetza prozesuan sakontzea. Horregatik, uste dugu ezinbestean heldu behar diogula emakume*[1] guztiok zeharkatzen gaituen gai bati: amatasuna.  Eta egia esateko zalantza asko izan ditugu horiek antolatzeko; izan ere, gai konplexua da, hari asko ditu, eta askotariko esperientziak. Horiek osatzeko feminista askorengana jo dugu, korapilo horiek zein diren identifikatu eta egitarauari forma emateko. Badakigu auzi honek dituen erpin guztiak ezin direla jardunaldi batzuetan landu, baina pozik gaude egindako kontrasteekin eta jasotako ekarpenekin.

Aspalditik agertu zen gaia sakonki lantzeko premia. Salda badago Jardunaldi Feministetan gaia landu arren, ez zen aukerarik egon sakonki lantzeko (tailer bakarra egin zen), eta hainbat feminista kexu ziren. Gai honen bueltan geroz eta diskurtso eta praktika gehiago ikusten genituen Euskal Herrian, baina ez genituen artikulatuak ikusten. Gainera, aurrera eramaten ari ginen zaintzarekin lotutako ikerketa askotan behin eta berriz ateratzen da gaia, eta ez genuen eztabaida hori oso garatua Emagin Elkartean.

Horrelakoak suertatzen diren bezala suertatu ziren jardunaldi hauek egiteko ideia. Bulego txiki bat dugu Andoainen, eta lankideen artean hitz egiten emozionatu ginen. Gure harridurarako, emozio hori partekatzen hasi ginenean, sekulako erantzuna jaso genuen. Inguruko feminista askori ideia oso ona iruditu zitzaien, eta lanera animatu gintuzten. Eremu honetan ekarpena egin genezakeela sentitu genuen, eta gaian sakontzeko erronka gure egin genuen. Asko dira amatasunaren edo gurasotasunaren gaia lantzen ari direnak, eta beste bultzada bat emateko konpromisoa hartu genuen Elkartean.

Oso gai konplexuaren aurrean gaude. Ez dago zalantzarik. Errebeldiak, bakardadeak, epaiak, armairuak, kulpak, iruditeriak, zalantzak, esperientziak… Askotarikoak dira amatasunak sortzen dituenak. Izan aukera, esperientzia, erabakia, ezintasuna edota uko egiten diogun zerbait, emakume* ugari zeharkatzen gaituen gaia da. Horregatik esaten dugu (ez)amatasunarena esperientzia kolektiboa dela. Are, izaera guztiz politikoa duen talde esperientzia da eta horregatik da feminismotik landu beharrekoa. Era berean, oso era intimo eta pertsonalean eramaten diren kontuak zeharkatuta dago, eta horrek gure erabakimenarekin zein erraiekin lotzen gaitu. Eta ez dugu ukatuko, min, zauri, ulermen, epai … asko sortzen dituen gaia da.

Izan da gure derrigorrezko destino, instituzio patriarkal gisa, eta horregatik eztabaida ekidin ezina izan da emakume askorentzat. Halaber, izan da eta da emakume* askoren desio. Argi dago amatasunak askotariko bizipenak jasotzen dituela, Horregatik uste dugu amatasunen (amatasunen, ez amatasunen eta beste amatasunen) gaineko hausnarketa feminista sustatu beharra dagoela, eta eztabaidarako zein elkartrukerako gune bat sortzea, aberasgarria izan daitekeela.

Helburu orokor horrekin antolatu ditugu, baina badira beste batzuk.  Batetik, askotariko amatasun ereduak ikusarazi eta esperientziak ezagutu nahi ditugu, ama izateko aukera bakarrari aurre egiteko, eta diskurtso zein praktika esentzialista eta diskriminatzaileei aurre egiteko. Bestetik, amatasunen gainean sustatu diren iruditeriak aztertu nahi ditugu eta beste irudi konstelazioak sortu, eraldaketarako. Gainera, identifikatu nahi ditugu ondoezak, zein indarkeria motek gurutzatzen dituzten hainbat emakumeren hautuak, nola lotzen diren egitura sozialarekin eta zer egin behar dugun horiek osatzeko. Azkenik azken urteetan sortu diren teoria, diskurtso eta estrategia feministak ezagutu nahi ditugu, gurasotasun komunitariora salto egiteko, beste senidetasun era batzuk eraikitzeko, familia heteropatriarkala arrakalatzeko.

Badakigu asko izan direla azken urteotan amatasunen gainean agertutako diskurtso feministak. Eta azkenaldian bor borka dagoen gaia da, zalantzarik gabe. Hausnartzeko dagoen beharra azaleratzen du honrrek, eta jardunaldiek eremu pertsonalean zein lokalean ematen ari diren erreflexio horiek guztiak batzeko eta zabaltzeko aukera gisa planteatzen ditugu. Badaude amatasunaren esperientziari uko egin behar diogula defendatzen dutenak; badira amatasuna positiboki pentsatzeko erronkan ari direnik; badira estatuengan hazkuntzaren zama kokatu nahi dutenak; edota askotariko iruditeriak zein ama izateko esperientziak balioan jartzen dituztenak. Horiek guztiak nahi ditugu gonbidatu jardunaldietara. Errespetuz, ahizpatasunez eta bereziki, gaur egungo egoera aldatzeko konbentzimenduz elkarrekin amestu eta saretzera gonbidatu nahi ditugu.

Azken finean, amatasunak ikuspegi feministatik aztertu nahi ditugu, atzean dituen galderak, hitzak, egiturak eta ertzak topatzeko, eta amatasunak egin, berregin eta desegiteko.

Azken sasoian, bizitzak erdigunean jarriko dituen gizarte eredu justuago bat aldarrikatzen gabiltza eta horri lotuta gure zaintza sistema jarri dugu jomugan. Bada, bizitzaz eta zaintzaz ari garen honetan, ezinbestekoa da amatasunak gizarte erakunde gisa duen papera aztertzea. Halaber, XXI. mendeak bere dituen ezaugarriekin batera  aztertu behar da (ez)amatasunen afera. Aldatu egin baita emakumeok lan merkatuan dugun presentzia, arlo produktibo-publikoak gure bizitzetan duen lehentasuna, harremanak eraikitzeko erak, sare sozialak… Horrek guztiak begirada eguneratzea eskatzen duela uste dugu. Animatu gurekin ariketa horretara!

Horretarako sortu dugu atxikita duzuen egitaraua.

Ikusten duzuenez, konfiantza eraikitzeko, elkar ezagutzeko eta saretzeko, espazio informalak ere sortuko ditugu. Horren adibide izango dira bazkariak, meriendak, kontzertuak eta antzerkiak.

Askotariko emakumeen parte hartzea bermatzeko haur zaintza zerbitzua izango da. Gune inklusiboa sortu nahi dugu eta horretarako hezitzaileak egoteaz gain, haurrekin espazio berezi batean egoteko aukera izango dute beraien arduradunek edo haurrek ere jardunaldietan egon ahalko dute .

DATU ZEHATZAK:

–      Esan bezala, azaroaren 11 eta 12an izango dira. Egun osoko egitaraua izango da eta Tabakalerako bi espazioetan garatuko dira jardun guztiak: ostiral goiza zinema aretoan eta gainerakoa 5. Solairuko Prisma izeneko areto zabalean.

–      Aforo mugatua dugu. Horregatik, lehen bait lehen izena ematera gonbidatzen zaituztegu. Gaurtik azaroaren 4ra bitarte irekiko dugu epea. Eta honako loturan egin ahalko da: https://amatasunakfeminismotik.emagin.eus/

–      Eguneko 10€ko prezioa jarri dugu. Inork arazorik balu elkartera idatz dezake eta ordainketa salbuetsia geratuko litzateke. Era berean, elkartea lagundu nahi duenak ere izango du diru kopuru handiagoa jartzeko aukera.

–      Gurasoek euren haur edo eta gazteekin bertaratu nahi badute aukera izango dute. Ondo adierazi behar da izen ematearekin batera.

–      Ez dira streaming bidez jarraituko jardunaldiak. Bertaratzeari eta eztabaida gorpuzteari garrantzia berezia eman nahi genion. .

–      Arratsaldeko ikuskizun artistiko bana egongo da. Horietara soilik sartzeko aukera izango da 7€ren truke.

Programazioa eta izen ematea: https://amatasunakfeminismotik.emagin.eus/

EMAGIN elkarte txiki bat da. Orain dela ia 20 urte jaio ginen, Euskal Herrian ezagutza feminista hedatzeko, eta horretan jardun dugu azken urteotan. Aldaketa asko izan dituen arren, gure konpromisoa berdina izaten jarraitzen du: Euskal Herria feminista lortzeko bidean, tresnak eskaintzen jarraitzea. Horretarako, hiru ildo nagusi jorratzen ditugu: Ikerketa, Formazioa eta ekoizpena. Eta gure jarduteko esparruak orotarikoak izan arren, gehienetan indarkeria matxistei aurre egiteko estrategietan, zaintzak demokratizatzeko prozesuetan, genealogia feministetan zein analisi feministarako tresnen sorreran jarduten dugu.

[1] Emakume kategoria erabiltzen dugu gure egungo errealitatean politikoki eragiteko oraindik baliagarria delakoan, nahiz eta sexu-genero sistemak markatzen duen binomioaz gaindi bizipen, ibilbide, ahalmen eta identitate anitzak ere bagaren (bollerak, trans…)