Zer eskaintzen dugu?

E

MEMORIA:

Ikerketa ildo honetan mugimendu feministaren genealogia aztertzen dugu. Era berean, emakumeen ekarpen historikoak biltzea helburu duten lanak sustatzen ditugu.

 

E

EKOIZPEN ARTISTIKOAK

Sormen kolektibo zein indibidualean oinarritutako ekoizpenak bultzatzen ditugu.

 

E

IKERKETA LANAK:

Ekoizpen propioak sustatzen ditugu eta egindako ikerketak hedatzen ditugu.

E

ESKU-HARTZERAKO MATERIALAK

Gidak, eskuliburuak eta dibulgazio-materialak argitaratzen ditugu.

EKOIZPENAK

Kale edo bale liburuaren azala
Kale edo bale, ahaidetasun feministetara!

Emagin elkarteak 2023. urtean ahaidetasun eta gurasotasunak feminismotik
aztertzen jarraitzeko burutu duen Kale edo bale ahaidetasun feministetara egitasmoaren baitan plazaratu diren edukien bilduma duzu hau.

Gipuzkoako 3 herritan, modu deszentralizatuan eta askotariko emakumeekin zein aliatu feministekin ahaidetasun feministen inguruan jarduteko espazioak sortu genituen.

Zehazki, ondoko gaiak izan genituen hizpide burututako mintegietan: Amatasunen ondoezak eta erresistentziak; Ahaidetasunen fikzioak eta utopiak; eta Absentziak eta eraldaketak.

Ez dadin bizitza eten liburua
Ez dadin bizitza eten

Ezinegon batetik eta maitasunetik heldu dira Miren Aranguren, Ainara Santamaria eta Monika Mendiberri Ez dadin bizitza eten liburua idaztera. Hain zuzen, bizitzari dioten maitasunetik eta bizitza bera arriskuan ikustearen kezkatik. Bizigarritasuna ataka estuan da eta horrek ez ditu indiferente uzten. Horregatik jo dute muinera, bizitzaren oinarrian kokatzen diren zaintza lanetara.

Mirenen, Ainararen eta Monikaren esperientziek emandakotik idatzi dute liburu hau eta helburua da azken batean gure antolaketa soziala nola aldatuko dugun eztabaidatzen jarraitzeko beste aletxo bat jartzea.

Iratzar fundazioak eta Txalapartak elkarlanean argitaratzen duten Iparrorratza bildumaren 8. alea da hau.

 

(ez)amatasunak liburuxka azala
(Ez)amatasunak Ikupegi Feministatik

Gauza on guztiak bezala, (Ez) amatasunak ikuspegi feministatik jardunaldiak ere heldu ziren akaberara, ziur gaude honen bukaera beste hasiera batzuen abiapuntu izango dela, ordea. Arrasto sakona utzi(ko) dute bertan esan, entzun eta sentitutakoek. Eta ez da gutxiagorako, gure gorputzak zeharkatzen dituen auzi honek ezin baitzuen bestela pasa. Lortu dugu (ez) amatasunari buruz hitz egiteko plaza oparoa sortzea. Beste behin, ahizpatasuna izan dugu lotura eta feminismoa argi. Horri esker heldu gara korapiloak bistaratzera, zalantzak mahaigaineratzera, zauriak agertzera eta hurkoa jasotzera. Gai honekiko askotariko iritzi, esperientzia eta ereduak ezagutu ditugu eta hurbildu gara hain beharrezkoak diren irudi konstelazio eraldatzaileetara. Gainera, mandatu sozial honek ama egin, ez egin eta oraindik izenik ez duten lekuak zeharkatzen gabiltzanongan hartzen duen formez ere aritu gara.

Jardunaldietako edukiak idatziz jasotzen duen liburuxka da hau.

Protokoloak egiteko gidaren azala
Elkarte eta kolektiboetan eraso matxisten kudeaketarako protokoloak egiteko gida

“Gero eta gehiago dira kolektibo, elkarte eta antolakundeen barruan salatzen diren jarrera eta eraso sexistak. Zer egin holako kasuetan? Gure kolektibo eta elkarteak horrelako kasuak kudeatzeko prestatuta daude? Baliabideak jartzen ditugu horrelako kasuak bideratzeko? Nola egiten da minaren erreparazioa? Zein neurri hartzen ditugu erasoak burutu dituzten kideekiko? Egungo justizia punitibo patriarkalean sinetsi ez arren, zigorra nahi dugu beraientzat? Zein justizia eredu nahi dugu eta hori praktikan nola egikaritzen da? Nolako prestakuntza feminista eta kultura emozionala dugu komunitate bezala horrelako kasuetan inplikatzeko eta horiek kudeatzeko?

Ikusita gai honetan dauden hutsuneak eta azken urteetako esperientzia oinarri, Emaginetik tresna praktiko eta erabilgarri bat sortu nahi izan dugu. Indarkeria matxistarekin amaitzeko eta gure mugimendu zein kolektiboetan ematen diren egoerak kudeatzeko ardurak, kolektiboa izan behar duela uste dugu.

Araka ditzagun gure bazterrak azala
Lisipe. Araka ditzagun gure bazterrak.

Hausnarketak, ekimenak eta proposamenak geure kokaleku zuritik eta mendebaldarretik harilkatu ohi ditugu. Hori da oraindik ere gure kokaleku nagusia, eta, azken aldian, botere-posizio hori birpentsatzeko eta desplazatzeko ariketa kolektiboa egiten ari gara.

Ez da ariketa erraza gai honen inguruan hitza hartzea, ezta horretarako kokaleku egokia topatzea ere. Umiltasunetik egiten dugu, dena entzuteko eta dena ikasteko daukagula jakitun. Deserosotasunari eta kontraesanari iskin egin gabe, bertan gordetzen direlako korapiloak askatzeko bidezidorrik interesgarrienak. Askotariko begiradak gorpuzten, arrazakeria izendatzen eta gatazka politizatzen irakatsi diguten konpa migratzaile eta arrazializatuak dira gure erreferente nagusiak birkokatze-prozesu honetan.

Emagin Elkartea eta Euskal Herriko Bilgune Feminista. Susa Argitaletxea.

 

Zurrumurru matxisten gida – Uste ustelak

Publikoki, berdintasunaren aldeko diskurtsoa gailendu da, eta indarkeria matxis­taren kontrako ekimenak, agerraldiak eta jardunal­diak ditugu nonahi. Hala ere, sexuen arteko harre­manei buruz gizartean errotuak ditugun sines­menak eta jarrerak ez dira hainbeste aldatu. Horren isla garbia dira zurrumurru matxista deitu diegun ho­riek. Herritar askok ditugun pentsamendu eta sentipe­netatik abiatuta ahotan era­biltzen ditugun uste uste­lak; indarkeria matxistaren erroan sustraituta dauden iritziak, zeinak indarkeria matxista baimentzen duten ekintza bilakatzen baitira.

Esku artean duzun gida hau da indarkeria matxistari au­rre egiteko tresna. Auto­defentsa feministarako eta banakako nahiz taldeko ahalduntzerako bitartekoa. Azken batean, eraldaketa­rako beste tresna bat.

Mito eta zurrumurru ma­txistak zer diren, nola adie­razten diren, haien jatorria zein den, haiei aurre egi­teko erantzunak eta estra­tegiak eta abar bildu nahi ditu gida honek. Kontzient­ziak astindu nahi ditugu eta, halaber, maitasunaren, elkartasunaren eta goza­menaren inguruko diskurt­so ireki eta ugariak sortu.

Beterri-buruntzaldeako zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena

Jakinik zaintza erregimena guztiz iraultzea, jendartea errotik aldatzea dakarrela urgenteen diren eremuetan zentratuko gara. Eskualdeko zaintza erregimena zein den identifikatu nahi dugu eta horren barruan zaintzaileek (bai profesionalek zein ez profesionalek) duten egoera ikustarazi nahi dugu. Zaintzari buruzko iruditeriak eta zentzuak ezagutzea, zaintzaileen egoera eta beharrak ezagutzea, zaintza lanak sozializatu eta kolektibizatzeko bideak urratzea eta zaintza lanetan daudenen aitortza eta ahalduntze prozesuak bultzatzea dira ikerketa lanaren helburuak.

Horretarako eskualdeko argazkia osatuko dugu eta behar nagusien gainean aldaketa proposamenak bilduko dituen ekintza plana zehaztuko dugu, Beterri-Buruntzaldeako eragile sozial eta politiko nagusiekin.

salda badago
Salda Badago

Salda badago, Euskal herriko V. Jardunaldi Feministen (2019) antolaketa prozesua eragile eta kide feminista askoren topaleku izan zen. Hamarkadaz hamarkada, jardunaldi feministak Euskal herriko Mugimendu Feminista autonomoaren elkargune izan dira, baita Durangokoak ere. Urte t’erdiz, Euskal Herriko lurralde guztietatik zetozen talde feministen arteko koordinaziotik sortu ziren jardunaldiak; eskuartean duzun liburua da Salda Badagoren azken lana. Saldaren osagai guztiak dastatzeko, segi irakurtzen!

Lisipe 4. Ezagutzaren matazak
Lisipe 4. Ezagutzaren matazak

Mugimendu feministak eta ekinbide komunitarioek azalarazi dutenez, ezagutza elkarreraginean eta elkarlanean sortzen da beti. Hala izanda ere, egitura akademiko eta hierarkikoak dira nagusi ezagutza kudeatzerakoan eta hedatzerakoan. Liburuxka honetan, gogoeta feminista kolektiboa gorpuztu dugu ezagutzaren inguruko korapilo zenbait askatzeko asmoz (prozedurak, ikergaiak, metodologiak, erakundeak…). Aldi berean, askatu gabeko korapiloak eta hari-muturrak ere ikusgarri egin nahi izan ditugu, askotariko ikerketa-jardunetan zer-nolako erronka feministak ditugun xehatu ahal izateko.

Emagin Elkartea 2018, Susa Argitaletxea.

Hezkidetza gida

Euskal Herriko Bilgune Feministak hezkuntza alorrean hartutako konpromiso eta egindako Ianketaren fruitua izan zen Hezkidetza Gida. Urteetan zehar egindako eztabaida, diagnostiko eta elkartrukeen ondorioz sortu zen tresna praktiko hori. Sexu bereizkeria gainditzeko kontuan hartu beharreko irizpide orokor batzuk zehaztu ziren, detektatutako zenbait hutsuneei aurre egiteko asmoz.

Hezkuntza formalean lanean dabiltzan horientzako tresna izaten jarraitzen duela iritzita, hemen duzue eskuragarri.

Hortik ateratzen den emakume orok indarkeria adierazpide ugari pairatzeko arriskuan bizi da, eta, horretarako, gure buruen (indibidualki eta kolektiboki) defentsarako tresnak behar ditugu: errudun ez sentitzeko, erantzuteko, geure burua maitatzeko, ezetz esaten ikasteko…

Hauxe duzu autodefentsa feministaren oinarriak ezagutzeko lanabesa.

Beldurrak gurekin jai! Ekin autodefentsa feministari

Ezbairik gabe, emakumeak menperatzeko makineria eraginkorrena da indarkeria sexista, zapalkuntzak etenik ez izateko gailu garrantzitsuena. Gainera, gizartea antolatzeko ditugun erakunde eta egitura guztiek erabat barneratuta dute; eremuz eremu antzeman dezakegu eta adierazpide ugari ditu. Gizon eta emakumeak botere harremanean jartzeko baliatzen da eta horientzat egokia eta desegokia zer den definitzen du.

Hortik ateratzen den emakume orok indarkeria adierazpide ugari pairatzeko arriskuan bizi da, eta, horretarako, gure buruen (indibidualki eta kolektiboki) defentsarako tresnak behar ditugu: errudun ez sentitzeko, erantzuteko, geure burua maitatzeko, ezetz esaten ikasteko…

Hauxe duzu autodefentsa feministaren oinarriak ezagutzeko lanabesa.

Gure genealogia feministak.
Euskal Herriko Mugimendu Feministaren kronika bat

Ate txiki zenbait ireki ditugu liburu honetan, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren ibilbidea (1960tik 2015era bitarte) argitzen laguntzeko asmoz. Ate txiki horietara hurbildu, etan begira ezazu ate zulotik, isil gordean, marruka. Eta ateak ireki, norberaren gelatik plazaranzko bidean, eta atzera gelara ere, leiho eta zutabeetan indarberriturik eta arrakalaturik plazara itzultzeko. Orro egitera, patriarkatuaren hormatzarrek dardara egiteraino.

Sukaldetik plazara (DVD)

Euskal Herriko iparraldean, 1960. urtetik aurrera, sortu ziren talde zein aldarrikapen feministak jaso ditugu lan honetan. Hamarkada guztietan protagonista nagusiak izan direnen testigantzak bildu ditugu, ahantzi ez ditzagun.

Emagin Elkartea eta Euskal Herriko Bilgune Feminista elkarlanean atera dugun liburuxka duzue.

Bideoa ikusteko, klikatu hemen.

Izena eta izana ezbaian: gida praktikoa

Gida honetan, Euskal Herriko Bilgune Feministarekin batera izendegiak arautzen dituzten legeak eta izenen atzean ezkutatzen den sexu bereizkeriaren gaineko irakurketa jaso dugu. Gainera, genero roletatik aldentzeko alternatibak eta praktika zehatzak jaso ditugu.

Festa dezagun gaurdanik geroa! (DVD)

Dokumental honetan Euskal Herriko jai ereduen gaineko irakurketak jaso ditugu, askotariko ahotsen bidez. Hainbat herritako esperientziak eta bizipenak jaso ditugu herri jai parekideen inguruan hausnarketa bideratzeko asmoz.

Festa dezagun gaurdanik geroa! (DVD)

Dokumental honetan Euskal Herriko jai ereduen gaineko irakurketak jaso ditugu, askotariko ahotsen bidez. Hainbat herritako esperientziak eta bizipenak jaso ditugu herri jai parekideen inguruan hausnarketa bideratzeko asmoz.

Bideoa ikusteko, klikatu hemen

Laura esaten zioten. Miren Odriozolaren borrokak

1980ko hamarkadan, hainbat euskal herritar, internazionalismoaren ikurrinapean, Hego Amerikako hainbat herrialdera joan ziren bertako iraultzetan parte hartzera. Batzuk El Salvadorrera jo zuten eta FMLNk gidatzen zuen matxinadarekin bat egin zuten. Ezagun ditugu borrokaldi horren lehen lerroan hil ziren Pakito Arriaran, Begoña Garcia Arandigoien edota Marta Gonzalez, baina horiekin batera beste internazionalista asko egon ziren, euskaldun zein ez, eta horien izenak guztiz ezezagunak dira. Miren Odriozola horietariko bat izan zen; guduan parte hartu zuen, sanitaria gisa, hasiera batean, eta bestelako ardura ugarirekin gerora. Laura esaten zioten.

Indar bat gara gu. Euskal Herriko Bilgune Feministak 15 urte.

Hemen duzue XXI. mendean patriarkatuari aurre egiteko beste bide batzuk arakatu nahi izan ditugunon kontakizuna; emakume batzuen erresistentziaren historia laburra; zapalkuntzaren gau luzean jaio eta itzali ez den birramonen suarekin bizimodu duinen alde borrokatu dugunon kontaketa; aldaketa posible dela sinesten dugunona; arau sozialetatik desbideratu nahi dugunona; iraultza ezinbestean feminismotik eraiki behar dela uste dugunona. Aitortza lan honetan, Euskal Herriko Bilgune Feministaren ibilbide oparoa jaso dugu.