Sexu-indarkeriari eta gure inguruneetan gertatzen diren beste indarkeria matxista mota batzuei aurre egitea beti izan da beharrezkoa bezain korapilatsua eta konplexua. Erasoak “gauza pertsonala” direla dioen ideia gainditu eta modu kolektiboan aurre egiten hastean, erreferente handirik gabeko amildegira jotzen dugu.
Indarkeria horiei aurre egin nahi diegu Estatuko justiziaren moduak errepikatu gabe, erasoa jasan duten pertsonen sendabidea zentroan jarriz, eta erreparazio eta justizia-modu eraldatzaileak erabiliz.
Horretarako, argi izan behar dugu justizia errestauratiboa edo eraldatzailea deritzon justizia mota hau, eraso baten aurrean erantzuteko aukera bat dela beste askoren artean. Aukera horretan, erasoa jasan duen pertsonaren edo taldearen premietan oinarrituta eta erasotzailearentzako erantzukizun prozesu pertsonal bati begira lan egiten da, baina baita ingurunearekiko modu kolektiboan ere.
Hori horrela izan dadin, erasotzaileak erasoa onartu beharko du, eta erasoa jasan duen pertsonaren eta haren ingurunearen beharretan oinarritutako prozesu bat onartu beharko du.
Hemen aurkitzen dugu amildegia, eta amildegiaren hondoan galdera asko argitu gabe: zer da ardura hartze prozesu bat? Nola dakigu prozesua benetan amaitu dela? Zenbat iraungo du? Zeintzuk izango dira prozesuaren behatzaileak eta zein adierazle hartuko ditugu kontuan baloratzeko orduan? Indar kolektibo nahikoa dugu honi aurre egiteko?
Eraso bat modu kolektiboan hartzen den bezala, ondorioak eta erantzukizunak ere izaera kolektiboa beharko luke eduki. Alde horretatik, gizonok kolektibo bezala ardura hartu behar dugu ere, prozesu horietan parte hartzeak denbora eta energia asko hartzen baitu, eta beti gure lankide feministak arduratzen dira horretaz.
Gizontasunarekin, indarkeriarekin edo boterearekin lotutako gaiak landuko dituen gizon-talde bat sortzea abiapuntu egokia izan daiteke kasu horiek prebenitzeko, baina baita ebatzi gabe geratu diren galderei erantzuteko. Ere erantzukizun-prozesuak integratu ahal izateko espazio edo egitura bat sortzea komeni da, batez ere erasotzaileari begira.
Ez da militantzia paralelo bat proposatzen duguna, modu feministagoan militatzeko aukera ematen digun lanketa eta tresna baizik. Gizarteak gizonezkoei ematen dizkigun pribilegioei aurre egiteko tresnak sortzen ez ditugun bitartean, barne erasoak gertatzen jarraituko dira. Gizon kolektibo gisa erantzukizuna hartzeko prozesu orokor bat ere hasteko garaia da.