‘Pausso’ haur eta nerabeekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzeko materiala argitaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Emaginek prozesu horretan parte hartu du

‘Pausso’ haur eta nerabeekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzeko materiala argitaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Emaginek prozesu horretan parte hartu du

6 urtetik 14 urte bitarteko gazteengan indarkeria sexistaren prebentzioa lantzeko helburuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak ikus-entzunezko material berritzailea garatu eta garatu du, lurraldeko hezkuntza sarearen eta hezitzaileen eskura jarriz. 2020ko Aurrekontu Irekietan herritarrek lehenetsitako proiektuetako bat da eta, Pausso izenburupean, haur eta gaztetxoen garatze une ezberdinetara egokitzen diren lau baliabide gauzatu dira, bakoitza bere gida didaktiko berezituarekin. Lotura honetan duzue materiala: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/berdintasuna/pausso

Premisa horiekin landu dira, egitasmo honen testuinguruan, animaziozko bideo bat, bideo-joko bat, bideo bat eta mugikorrarentzako aplikazio bat, 6-8, 8-10, 10-12 eta 12-14 adin tarteetarako, hurrenez hurren.

Azken bi urteetan 15.000 lagun inguruk parte hartu dute prozesuaren fase ezberdinetan eta ekarpen horien guztien artean nabarmendutako eskaeretako bat izan zen haur eta nerabeekin indarkeria matxistaren prebentzioa lantzea, “hezkidetzaren ikuspegia jorratuz eta ikus-entzunezko materiala baliatuz”. Materiala sortzeko prozesuaren mahaian Mugimendu Feministako hainbat kidek parte hartu dute eta horien artean izan da Emagineko Idoia Arraiza.

Liburuaren Nazioarteko Eguna Emaginen

Liburuaren Nazioarteko Eguna Emaginen

Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur eta feminismoa beti da opari polita. Horregatik, gogorarazi nahi dizuegu Gure genealogia feministak: Euskal Herriko mugimendu Feministaren kronika bat  eta Salda Badago: Euskal Heriko V. Jardunaldi feministak liburuak eskuragarri ditugula Emaginen.

Interesa izanez gero jarri gurekin harremanetan: komunikazioa@emagin.eus helbidean.

 

 

‘Salda badago. Euskal Herriko V. Jardunaldi feministak’ liburua aurkeztu genuen atzo Durangon

‘Salda badago. Euskal Herriko V. Jardunaldi feministak’ liburua aurkeztu genuen atzo Durangon

2019ko azaroan Euskal Herriko 5. Jardunaldi feministak egin ziren Durangon. 3000 emakume eta 350 kolektibo bildu ginen jardunaldietan Euskal Herriko Mugimendu Feminista egituratzeko eta aurrera begira ditugun erronken inguruan hausnartzeko. Durangon eztabaidatu genituenak jaso ditugu liburuan, eta atzo aurkeztu genuen Durangoko San Agustin kulturgunean.

Mugimendu feministako hainbat kide bildu ginen atzo 2019ko azaroko jardunaldi feministetan bizitakoak jasotzen dituen liburuaren aurkezpenean. Emagin elkarteak jaso eta garatu ditugu liburuko edukiak. Monika Mendiberrik, Emagineko kideak, azaldu zituen liburuaren garapen-prozesuaren nondik norakoak. Liburuaren funtsa memoria ariketa bat egitea dela adierazi zuen, baina, horrez gain, interpretazio kritiko bat egitea ere badela argitalpen horren asmoa. Liburuaren garapen-prozesuan jardunaldietan landutako materialaren analisia egin dugu, proposamenak, mahai inguruetako aktak eta herrikako diagnosiak aztertuz. Eta 2.631 feministek parte hartu dute talde-elkarrizketa bidez. Liburuaren atal batzuk subjetiboak direla azaldu du Mendiberrik: “Jardunaldietan parte hartu duten protagonista ororen bizipenak, emozioak eta tentsioak jasotzen ditu. Badaude elementu ez hain erosoak. Soluzionatu gabeko eztabaidak, izendatzeak eta kontzeptuak”.

Aurrera begira ditugun erronken eta lanketen inguruan jardun zuen Cony Carranza herri-hezitzaile feminista eta jardunaldien antolakuntzako lan-taldeko kideak. Liburuan egun haietan Durangon gertatu zena jaso dela eta hor heldutako eztabaidetan bidea egiten jarraitu nahi dutela adierazi zuen, prozesuetan sinesten dutela eta lanketak arduratik egiten jarraitzea dugula erronka.

Liburuaren ale bakoitza elebitan argitaratu da, euskaraz eta gaztelaniaz eta 18 euroren truke izango da salgai Euskal Herriko saltokietan. Datozen egunetan aurkezpen gehiago egingo dira Euskal Herriko hainbat udalerritan: Ondarroan, Arrasaten, Zumaian, Oreretan, Oiartzunen eta Zizurren.

Nafarroako Artxibo Garaikideak eta Emagin Elkarteak hitzarmena sinatu dugu

Nafarroako Artxibo Garaikideak eta Emagin Elkarteak hitzarmena sinatu dugu

Gaur, 2021eko otsailaren 2an, Nafarroako Artxibo Garaikideak eta Emagin Elkarteak hitzarmena sinatu dugu. Emaginen 2005. urtetik jardun dugu Euskal Herriko Mugimendu Feministaren dokumentazioa biltzen, eta horretan oinarritua egin genuen Gure Genealogia Feministak liburua, Sukaldetik plazara dokumentala edota Gorputz_Grafiak erakusketak. Dokumentazio guztia ahal genuen mimo eta maitasun guztiarekin bildu dugu orain arte gure bulegoan, baina kontserbazio zein iraunpen mugak zituenez, doantza egitea erabaki dugu. Nafarroako Artxibo garaikideak gure fondo guztia antolatu, katalogatu eta gehiena digitalizatu du, eta hemendik aurrera bertan izango da guztion eskura. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren lan zein borroka zabaldu eta ikerketa lana sustatzeko konpromisoa berretsi dugu biok.