22 - 06 - 09
Berdintasunean oinarritutako Euskal Herria sortzeko eratu zen Euskal Herriko Bilgune Feminista, orain 20 urte. Urte luzeetan jira eta bira aritu ostean, orduko ametsa biderkatzeko gai ere izan da Bilgunea; izan ere, gaur Euskal Herria Feminista dugu aldarri, eta burujabetza feminista trantsizio hori egiteko bide. Askotariko oztopoei egin zaie aurre, eta, egun, matxismoa birformulatu den honetan, horiek dirauten arren, inoiz baino sinistuago dugu feminismoa dela gure arma nagusia kapitalismo heteropatriarkal eta kolonialari aurre egiteko; hots, ezker eskuin sortu diren paradisuak erretzeko sugarra.
Emagin elkarteak ahizpatasun berezia dugu Bilgunearekin; izan ere, bere magalean sortu ginen orain dela ia 20 urte ere. Horregatik ez dugu Oñatin huts egingo. Nahi dugulako gure komunitatearekin ospatu biziraun diogula ofentsiba matxistei, eta eraiki dugula Euskal Herriko emakume pila batentzat etorkizun hobea. Izan garela bazterretan, eta lehertu ditugula erdiguneak. Euskaratik eta euskaraz ibili garela gure herri luze zabaleko txokoetan. Feminismoa guztion etxe izateko borrokan jarraituko dugula ospatzera goaz larunbatean.
Nahi dugulako berretsi feminismoa dela herri egiten gaituena, saretzen gaituena, eta amesteko tresnak ematen dizkiguna.
Lehertu ginen orain dela 20 urte, eta eztanda horren dardara gara, erreplika gero eta handiagoetan.
22 - 05 - 20
Elkarte eta antolakundeen barruan salatzen diren jarrera eta eraso sexistak gero eta gehiago dira. Horrelako kasuak kudeatzerakoan, zalantza ugari sortzen zaizkigu. Gai honetan hutsune asko daudela ikusi dugu eta azken urteetako esperientzia oinarri Emaginetik tresna praktiko eta erabilgarri bat sortu nahi izan dugu. Indarkeria matxistarekin amaitzeko eta gure mugimendu zein kolektiboetan ematen diren egoerak kudeatzeko ardurak, kolektiboa izan behar duela uste dugu. Dagoeneko ezin dugu inguruko feministengan delegatu horrelako kasuak kudeatzearen erantzunkizuna. Egungo justizia ereduak ere zalantzak sortzen dizkigu, besteak beste, askotan erasoa jasan duenaren berbiktimizazioa ekartzen duelako. Gainera, kontutan hartu behar dugu erasoak aipatzerakoan ez garela soilik bortxaketa bezalako kasu larriez mintzo. Aitzitik, ikusgarrienak diren erasoen azpian gertatzen diren bestelako eraso eta jarrera matxista oro azaleratu nahi dugu. Egunerokotasunean gertatzen diren jokaerak ere mahaigaineratu eta kudeatu behar dira elkarte feminista izan eta kasu larriak ekidin nahi baditugu.
Horregatik, kolektibo edo elkarte bakoitzak bere lanketa eta protokoloa egiteko GIDA BAT sortu dugu. Ez, ordea, zalantza eta beldurrik gabe. Izan ere, kontziente gara elkarte edo kolektiboetan ematen diren erasoak konplexuak direla, askotan harreman pertsonalak zeharkatzen dituztela, aurreikusi ezin diren elementuak gurutzatzen direla, kudeatu beharreko emozio eta behar ezberdinak (askotan kontrajarriak) loratzen direla, etab. Errespetu, zaintza, ardura eta humiltasun askorekin egin beharreko prozesu konplexuak izaten dira. Kasu bakoitza mundu bat da eta ez dago elementu eta aldagai guztiak aurreikusi eta kontrolatu ditzakeen protokolorik. Ondorioz, nabarmenak dira gida honen mugak. Alta, muga eta kontraesanak izan arren, gure asmoa gai honekin komunitate bezala egiten ari garen ikasketa prozesuan tresna praktiko bat eskaitzea da.
Hemen deskargatu dezakezu Gida.
22 - 04 - 29
Susa editorialaren baitako LISIPE bildumaren hurrengo alea Bilgune Feminista eta Emaginena izango da: “ARAKA DITZAGUN GURE BAZTERRAK. Kritika dekolonialak zeharkaturiko ibilbide kolektibo feminista bat“. Liburu hau eragilok dekolonialitatearen inguruan egindako hausnarketak, jasotako interpelazioak eta ibilitako prozesuak sistematizatzeko saiakera da.
Dekolonialitatearen eztabaidak nondik nora zeharkatu gaituen azaleratzeko, lau geltoki nagusitan osatu dugu ibilbide hau: lehen geltokian, gure ibilbide kolektibo nahiz pertsonalean bizi izan ditugun egoera zenbaitek eragindako klak horiek (haustura-egoera horiek) bildu ditugu eta arrakala horiek eragindako sentsazioak batu ditugu; bigarren geltokian, klak horiek eragindako jakin-minetik zein deserosotasunetatik abiatuta, gure jardun feminista janzteko egin ditugun hausnarketak, ekimenak, aliantzak eta esperientziak jaso ditugu; hirugarren geltokian, “Araka ditzagun gure bazterrak” Emakume* Abertzaleon VIII. Topaketa Feministetako kronika jaso dugu; eta azkenik, laugarren geltokian, aurrera begira jarri gara, etorkizuneko lan-lerroak, asmoak eta praktika eraldatzaileak zirriborratzen hasteko
Ez da ariketa erraza gai honen inguruan hitza hartzea, ezta horretarako kokaleku egokia topatzea ere. Umiltasunetik egiten dugu, dena entzuteko eta dena ikasteko daukagula jakitun. Deserosotasunari eta kontraesanari iskin egin gabe, bertan gordetzen direlako korapiloak askatzeko bidezidorrik interesgarrienak. Askotariko begiradak gorpuzten, arrazakeria izendatzen eta gatazka politizatzen irakatsi diguten konpa migratzaile eta arrazializatuak dira gure erreferente nagusiak birkokatze-prozesu honetan. Bihoakie haiei geure aitortza eta eskerrik beroenak.
22 - 04 - 13
Zaintza erregimen bidegabea aldatzeko, ezinbestean pentsatu eta ekin behar dugu elkarrekin. Udaletik, eragileetatik, komunitatetik…zer aldatu nahi dugun, zeinen artean, nola…pentsatzen jarraitzea ezinbestekoa deritzogu. Eta horregatik elkartu ginen aurreko asteburuan Hernanin Zaintza Lanen Demokratizaziorantz Jardunaldian.
Ostiralean Gurekin Naia Torrealdai izan genuen, Bilgune Feministako kidea: “Emakumeak zaintzaren izenean ezin gara autoinmolatu”. Zaintza Sistema Publiko eta komunitarioaren beharra azpimarratu zuen, “modu kolektiboan sustengatzeko esfera guztiak berregituratu behar dira”.
Ondoren Miren Arangurenek Emagin Elkarteak egindako “Beterri Buruntzaldeako zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena” aurkeztu zuen: “Aurkeztutako diagnostikoak jasotzen duen bezala, zaintza krisi batean murgilduta gaude, honen merkantilizazioa dela eta. Zaintza lanen aitortza sozial eta politikoa, zaintza lanak era justoago batean banatu eta zaintza lanetan dauden pertsonen bizi zein lan baldintzak duin bihurtzea dira lehentasunak”.
Bukatzeko, zertan aurreratu dugun aztertzeko aukera izan genuen Onix Cerda (Maitelan), Ibon Arrizabalaga (Arremanitz), Idoia Marinelarena eta Alazne Corralekin (Zabalduz kooperatiba):
“Auzozaintza sare Publiko komunitarioa” sortzen dabiltzan eragile ezberdinek azaldu duten bezala, 65 urtetik gora bakardade egoera ez-desiratuan dauden pertsonen zaurgarritasunari aurre egiteko formula berriak diseinatzen dabiltza. Horretarako tratu onei begira egongo den herri bat izatea eta zaintzara dedikatzen diren langileei aitortza eta lanak duintzeko baliabideak konpartitzea da bidea, etorkizunean izango ditugun zaintza beharrei ezingo diegulako erantzun.
Larunbateko jardunaldian ere esperientzia ezberdinak ezagutzen jarraitu genuen. Lehendabizi, Bartzelonako Radars proiektuaren txanda izan zen, zeinak 2009tik gaur arte hala erabaki gabe bakardade egoeran dauden pertsonen eta komunitatearen arteko lotura indartzen diharduen. Horretarako, inplikazio handiko anitzen arteko sare zabala osatu dute.
Bigarrenik, Matia fundaziokoak beste hainbat eragilerekin batera Usurbilen garatzen ari diren egitasmoaren berri eman ziguten. Bertan, zaintza ekosistema hobetu eta duintzeko saiakeran ari dira, erabakiak eta beharrak km 0-n kokatuz zein landuz.
Trabajadoras No Domesticadas elkarteko kide eta aliatuek EAEn etxez etxeko zaintza lanetan diharduten emakumeen egoera latzaren berri eman zuten. Langile horien egoera duintzeko epe labur ertainean eman beharreko urratsez aritu ziren. Zentzu horretan, etxebizitza eskubidea, osasunerako eskubidea eta formazio ahalduntzailea orain eta hemen bermatzea ezinbestekotzat jo dituzte aurrera begira egin beharreko beste aldaketa batzuk gauzatzeko.
Azkenik, Colectiu Punt6-en txanda izan zen. Gure hiri eta etxeak diseinatzerakoan publiko pribatuaren arteko dikotomia apurtu eta eremu errepoduktiboan egiten diren lanak komunitate mailan garatzeko gure ingurune hurbilean eman beharreko aldaketa fisikoez ohartarazi zuten. Etxebizitza kooperatiboetatik hasi eta ehun sozial oso baten inplikazio sustatzen duten proiektuen berri eman ziguten.
Gorputza ideia eta sentipen politez beteta bukatu genituen jardunaldiak. Bidea egiten ari garen askotarikoak topatu ginen Hernaniko kulturarteko plaza feministan, eta horrela zaila da baikorra ez izatea bestelako zaintza sistema baten langintzan.