23 - 09 - 26
UDAZKENERAKO HIRU MINTEGI ANTOLATU DITUGU, AHAIDETASUNEN, GURASOTASUNEN ZEIN AMATASUNEN GAINEAN HAUSNARTZEN JARRAITZEKO.
Argi dugu: erreprodukzio sozialaren krisi sakon baten aurrean gaude; hots, bizitzak aurrera egiteko eta era duinean erreproduzitzeko erabateko oztopoak ditu. Bizitzaren erreprodukzioa, bazterrean gelditu da, ez da lehenesten, alegia, antolakuntza sozial eta politikoa ez dago bizitzaren mesedetan. Bizitza berrien sorkuntza zein orohar izakion zaintza gizartearen bazterrean gelditu da eta bere tokian kapitalaren metaketa jarri. Zaintza zein ugalketa lanak indibidualizatu dira, feminizatu, merkantilizatu, eta etxeetan zein familia nuklearretan pribatizatu.
Gainera, inkontziente sozial moduko batean murgildu gara, zeinetan ukatu dugun izaki hauskorrak garela, bizitza iheskorra dela, eta zaurgarritasunak definitzen gaituela. Arrakastaren eredua erabateko autonomiarekin lotu dela azpimarratzen dugu, besteen beharrik ez izatearekin. Baina Emaginetik defendatzen dugu, inork ezin duela bakarrik bizi, eta horregatik derrigorrezkoa zaigula autonomia, eta autosufizientziaren ideal neoliberalei aurre egitea, eta aldarrikatzea izaki ororekin halabeharrezko hariak ditugula eta elkar zaindu behar dugula.
Horretarako bidea ere marratzen ausartu gara, eta azpimarratu komunitate indartsuak eratu nahi ditugula, elkarren babesa sentituko dugun ingurua sortu eta bizitza bizigarriagoa egingo diguten sareak hauspotu. Ez ditugu kriantzak, familiak, afektibotasunak, gurasotasunak eta zaintzak indarkeriaz josita dauden egituretara mugatu nahi, ez ditugu bizitzaren bizigarritasuna familia nuklear heterosexuala ardatz duen antolaketara itxi nahi. Eta noski, ez dugu nahi mugatu odoleko senidetasun harremanetara. Hortik harago sortu nahi ditugu ahaidetasunak.
Horri guztiari buruz hausnartzeko tartea hartuko dugu zaintza duinen aldarrikapenak bustiko duen udazkenean. Hiru mintegi antolatu ditugu urriaren 7an Azpeitian, urriaren 21ean Zumaian eta azaroaren 18an Oreretan, eta honako galderak nahiko genituzke erantzun: Nolako erreferenteak behar ditugu ahaidetasunak feminismoruntz biratzeko? Nola indartu ditzakegu senidetasun iruditeria berriak? Zein dira erditzen diren gorputzen beharrak? Nola egin aurre gizonen absentziari? Nolako interpelazioa egin behar dugu? Amatasunak dakarren bakardadearen aurrean nola egin kriantza komunitarioa feminizazioan berriz ere erori gabe? Nola erreferentzializatu ez-amatasun kontziente eta politikoak? Zein paper izan behar dute horretan guztian erakunde publikoek, merkatuek, komunitateek?
Egitaraua oparoa antolatu dugu egun bakoitzean, hizlari paregabeekin:
- Mintegia: Amatasunen ondoezak eta erresistentziak. Azpeitian. Urriaren 7an. Azpeitiko emakumeen txokoa.
9:00 Ate irekiera.
9:45 Egungo muga eta ondoezak: Parean Elkartea, Silvia Agüero Fernández, Natalia Gardeazabal Díez.
11:45 Atsedena.
12:15 Gure minak sendatzen: Azpeitiko Amen Sarea.
13:30 Itxiera.
- Mintegia: Ahaidetasunen fikzioak eta utopiak. Zumaian. Urriaren 21ean. Zumaiako emakumeon* Etxea
9:00 Ate irekiera.
9:45 Ama ta Asunak: erakusketa, dokumentala eta solasaldia. June Baonza Pagaldai.
10:45 Atsedena.
11:15 Mahai-ingurua: Jule Goikoetxea Mentxaka, Elixabete Imaz Martínez, Danele Sarriugarte Mochales.
13:00 Itxiera.
- Mintegia: Absentziak eta eraldaketak. Errenterian. Azaroaren 18an. Errenteriako Emakumeen Etxea
9:00 Ate irekiera.
9:30 Ondo etorria.
9:45 Absentziak eta eraldaketak hiru ikuspegitik:
Aitatasunak: Asier Arizkorreta Hurtado
Espazioen diseinua: Ula Iruretagoiena Busturia
Politika instituzionalak: Oihana Etxebarrieta Legrand
11:30 Atsedena.
12:00 “En tránsito” dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia Bidez-Bidekoekin. Zuzendaria: Oskar Tejedor.
14:00 Itxiera.
Mintegien webgunean topatuko duzu informazio guztia: https://amatasunakfeminismotik.emagin.eus/
23 - 09 - 20
Jaien testuinguruan Indarkeria matxisten prebentzioan formazioa ematen aritu gara hainbat herrietako txosna batzorde, tabernari, udaletxe eta bestelako eragileekin. Formazio hauetan hausnarketa gune bat sortzen dugu, bertan kolektibo ezberdinetako eragileekin indarkeria matxistaren tokiko protokoloa landu eta indarkeriaren adierazpen ezberdinen aurrean “nola jokatu” adosten ibili gara. Prebentzioa, esku hartzea eta erantzun sozial argi eta koordinatu bat izatea oso beharrezkoa baita. Baita autodefentsa feminista tailerrak ere. Horrez gain, gizonekin pribilegioen lanketa ere landu dugu. Aurten Beran, Orion, Oreretan, Lezaman, Lezon…egon gara eta Urnietan eta Araitzen egongo gara!
Izan ere, Indarkeria matxistarik gabeko jaien alde lanean jarraituko dugu!
23 - 06 - 23
Emaginetik jaietan Indarkeria Matxisten aurreko prebentzio lanetarako INFORMAZIO GUNEA jartzen hasi gara aurten ere.
Zuetako askok aski ongi ezagutzen duzue INFORMAZIO GUNEA, besteak beste, azken 15 urte hauetan herri askotan egon garelako lanean. Ibilbideak eta esperientziak eraman gaitu jaietan ematen den indarkerian sakontzera eta urtez urte zerbitzu hau hobetzera. Izan ere, Mugimendu edota teoria feministak izan ditugu beti ardatz, jai giro parekideak zein askeak sustatzeko, eta pedagogia feministak eskainitako tresnak baliatu ditugu helburu horretarako.
Jai giroak aldatu dira, gure gizarteak aldatu diren norabide beretsuan, eta horregatik gure eskaintzak berregokitu ditugu. Bide horretan, ARRETA PUNTUA, aurrez aurreko arreta eta eskuhartzerako zerbitzua zein SALAKETA ETA ARRETA TELEFONOA ere eskainiko ditugu.
Zerbitzuen inguruko informazio gehiago: hemen
23 - 06 - 22
Pasaden maiatzaren 13an Zaintzak Erdigunera eguna ospatu genuen Hernanin. Goizean goizetik hasi ginen lanean, kalean askotariko zaintzaileen egoeraren gaineko informazioa zabalduz. Zaintzaileen profila orotarikoa izan arren, badaude komunean dituzten hainbat egoera: prekarietatea, lanaren gutxiespena, soldata baxuak, erlojuaren kontra aritzea, denbora falta…Eta horien gainean kontzientzia sortzeko batu ginen Plaza Berrin. Ondoren, mahai inguruan bildu ginen Hernaniko zaintza komunitarioaz aritzeko. Bertan, ahots ugari bildu genituen komunitate indartsuek duten garrantziaz aritzeko, elkarlana eta auzolana ezinbestekoak direla aipatzeko, eta, zalantzarik gabe, horrek gure osasunean (bai fisiko zein mentalean) eragin positiboa duela adierazteko. Osakidetza, gizarte zerbitzuak, Auzozaintza programa, Odol emaileen elkartea, Etxeberri auzo elkartea, Auzokide, zein bertako bizilagunak bildu ginen, eta bakardadeari aurre egiteko pilula ezinbestekoa elkar zaintza dela ondorioztatu genuen.
Egunari amaiera emateko eta herri zaintzaile baterako oinarriak jartzen hasteko, zaintzen dutenen ahotsak ekarri genituen lehen lerrora, mimoz egindako ekitaldi batean. Gorputzaren garrantziaz jabetzeko mugimenduak hartu zuen hasieran erdigunea, ondotik zaintzaileen bizipen eta errelatoak entzuteko. Zaintzaile internen egoera, familian zaintzen dutenena, etxez etxeko zerbitzuan lanean daudenena, aniztasun funtzionala duten gurasoena, ama egin berri direnena, besteak beste entzun genituen. Hunkigarriak izan ziren guztiak, asko ezezagunak, zuzenean aurrez aurre sekula entzun gabekoak; izan ere, gutxitan ematen zaie hitza zaintzaileei eta eskaintzen dira plazak pribatutzat hartzen diren gaiei buruz mintzatzeko. Bakoitzak bere esperientzia kontatu arren, kontakizun kolektiboa ere izan zen, errepikatzen diren gutxiespen, babes falta eta diskriminazioari, herri bezala aurre egiteko prestutasuna ere badugulako. Kantuz, bertsoz eta irudiz osatu genuen bertan jasotakoa, eta mokadu batekin bukatu genuen eguna.
Zaintza lanen inguruan hausnartzera batu gara talde bat eta horixe ere aurkeztu genuen. Askotarikoak gara, eta askotarikoak dira gure jardun esparruak. Batzuk zaintzaile profesionalak gara, beste batzuk familian edota komunitatean egiten dugu lan, feminismoan, arrazakeriaren kontrako borrokan, osasun arloan, udalgintzan edota sindikalgintzan. Guztiok ordea kezka berbera dugu: Hernanin zaintza lanak era bidegabean antolatzen dira, eta horiek demokratizazio bidean jarri behar ditugu.
Gure lehen aletxoa izan zen pasaden larunbatekoa, baina lanerako gogoz atera ginen bai antolatzen jardun dugunak, baita bertaratutako asko ere. Babesa sentitu genuen, egin nahi dugunari bultzada handia. Horregatik, laster izango duzue gure berri. Mila mila esker Zaintzak erdigunera eguna posible egin zenuten guztioi, bihotzez.
Hernanin zaintza lanak erdigunean jartzeko egindako lanari buruzko informazio gehiago ikusi hemen.
23 - 06 - 14
Udaberrian zaintzaren ibilbideak egiten jardun dugu Zaldibian, Emagin Elkartea eta herrian sortu den orotariko elkarteetatik etorritako emakumeekin (Guraso elkartea, Beti gazte jubilatuen elkartea, Etxekoneko, Talde feminista, Udala…). Ibilbide horiek deriba feministen metodologian oinarritu ditugu; hots, gai batera hurbildu eta gure arteko hausnarketa sustatzeko herriko txokoak ezagutu ditugu eta bertan askotariko esperientziak edota ekarpenak entzun.
Zaintza lanen gaineko ibilbidea egin eta gero, amatasunetan eta zahartzaroan zentratzea erabaki genuen taldean. Lehenengoan, maiatzaren 24ean, abiapuntu izan genuen Atsolorra egitasmoa. Parean elkarteak sustatutako ikerketa izan zen, Gipuzkoan ama egiten direnen egoera ezagutzeko. Haien hitzaldia entzun eta gero, eztabaida mamitsua sortu zen ibilian ibilian. Lehen geltokian amatasun transnazionalak izan genituen entzungai. Atzerritartasun legeak dituen tranpak eta jokabide erabat perbertsoak entzuteko aukera izan genuen. Ondoren, ama bakar baten eskutik entzun genuen zein egoera gurutzatu behar izaten duten familia heteronormatibo batean gurasotasun proiektua garatzea erabakitzen ez dutenek. Horrekin jarraitu zuen hirugarrenak ere, lesbianen kasua azaltzeko.
Ekainaren 3an, zahartzarora hurbildu ginen. Horretarako Kontxi Lopez eta Nekane Berriotxoa izan genituen gonbidatu gisa, eta adinkeriaz gain, emakume zaharren egoeraz mintzatu ziren. Ondotik arreta ereduaz jardun genuen, Zaldibiako gizarte langilearekin, Etxez etxeko zerbitzuko langile batekin eta etxeko langile jarduten duen beste batekin. Oso aberatsa izan zen ikuspegiak erabat izanik ere, hutsuneetan bat egiten zutelako hiruek. Bukatzeko Beti Gazte taldearen lan komunitarioa ezagutu genuen, baita martxan jarri duen arreta zerbitzu berria ere.
Udazkenean, gehiagorekin jarraitzeko gogoz gelditu gara guztiok!
Hemen Goierri Irrati Telebistak egindako erreportaje laburra: