Kritika dekolonialera gerturatzeko bi mintegi egin ditugu
Gure praktika eta diskurtso feministek ibilbide luzea egin dute. Horretan, gailendu dira begirada batzuk, borroka ildo zein molde batzuk. Horregatik guztiagatik iritsi gara honaino. Jakitun gara, errealitatea aztertzeko moduek eta gure jardunbideek albokalteak eragin dituztela eta, horrexegatik, berrikuspen kritiko bat behar dutela sentitzen dugu. Gure begirada findu nahi dugu, burujabetza feministaranzko prozesua muturreraino eramateko.
Horretarako, batetik, teoria dekolonialetara gerturatzeko ariketa egin dugu, eta askotariko iturrietatik edaten saiatu gara, feminismoa eta dekolonialitatea uztartzen dituzten horietatik, batik bat. Bestetik, Euskal Herrian arrazismo instituzionala nola gauzatzen den ezagutzeko ariketa kolektiboa egin dugu; hots, atzerritartasun legearen bidegabekeria, atzerritarren atxikitze zentroen indarkeria, etxeko langileen araudiak ezartzen duen diskriminazioa, Europak ezarri nahi dituen murru simboliko zein fisikoak ezagutu ditugu, besteak beste. Gainera, Euskal Herrian azken hamarkadetan aurrera eraman den borroka antirazistaren berri jaso dugu.
Etxeko lan asko genituela jakitun ginelako antolatu genuen mintegia. Sentsatzioa dugu etxeko lanak biderkatu zaizkigula, eta ardura horri heltzen jarraitu nahi diogu. Mila esker gerturatu zareten guztioi!
Gure jarduera aitortzeko eta aldarrikatzeko beharra dugu
2020ko martxoan, Covid-19aren harira sortutako krisia abiatu zenetik, ez dira garai errazak izan inorentzat. Askotariko bizipenek zeharkatu gaituzte guztiok, eta bakoitzak ahal genuen gisa egin diegu aurre. Osasun larrialdiarekiko beldurra nagusitu da jendartean, eta pixkanaka larrialdi sozial eta ekonomikoan murgiltzen ari gara: geroz eta bizitza sozial mugatuago dugu, ezin ditugu ezinbestekoak zaizkigun pertsonen arteko harremanak izan, ezin dugu afektua jaso eta, gainera, gure herriko kaleek geroz eta bizitza gutxiago dute, kasu askotan ezer ez. Gure arteko arrakala ekonomikoak areagotzen ari dira, eta horren aurrean debeku gehiago besterik ez datoz. Debekua, debekua eta debekua. Bizitza salbatzearen izenean, bizitza bere tenka larrian jartzen ari dira.
Kezkaz eta arduraz begiratzen diogu egoerari Emagin Elkartekook. Kezkaz begiratzen diegu debekatuta ez dauden jarduerei, ematen baitu inor ez dela kutsatzen erosketak egiten, lantegira joaten edota superfizie handietan. Erosi, lan egin, erosi eta etxera. Horixe da proposatzen diguten bizitza. Osasun sistema kolapsatuko denaren izuarekin interpelatzen gaituzte etengabe esanez ezin dugula bizipoza ematen digun ezer egin. Hamaika herritar asistentzia sanitario egokirik gabe uzten dituztenean, ez baitute coronavirusik.
Kezkaz herritarron pasibotasuna, indibidualizaziorako joera, obedientzia eta isolamendua izugarria izaten ari delako. Ezohiko neurriak direla esango duzue askok, baina nora bueltatuko gara “hau pasa eta gero”? Zeren zain gaude? Zer nolako jendartea ari gara sortzen?
Arduraz mugimendu sozialok herritarrei ikuspegi kritikoa izateko baliabideak ematen saiatu behar dugulako. Gure lana egiten jarraitu behar dugulako, eta, askotan gure buruak zentsuratzen ari garelako, segurtasunaren eta arduraren izenean. Gure benetako ardura da baliabideak eskaintzea, egoera ziur gabe honek eskaintzen ez dituen heldulekuak sortzea, indarkeria matxistari aurre egiteko irizpideak ematea, zaintza lanak aitortu zein banatzeko oinarriak jartzea, gure arteko bereizkeriak desegiteko lanean jarraitzea.
Gure lana oinarrizko behar bat da, parte hartze sozial eta politikoa ezinbestekoa da, eskubide bat da. Ezin dugu “dena pasa arte” zain egon. “Dena” orain gertatzen ari delako, gaurdanik ari garelako gure oraina bizitzen eta etorkizuneko oinarriak jartzen.
Emagin elkartean hartzen diren neurriak beteko ditugu, baina gure lana alde batera utzi gabe. Horregatik, gure jarduera guztiarekin aurrera jarraituko dugu, egiten duguna inoiz baino premiazkoagoa dela uste dugulako. Segurtasun neurri guztiak betetzen dituzten jarduerak antolatzen jarraituko dugu, saretzen jarraitzeko eta komunitateak harilkatzeko.
‘Zaintza lanen demokratizaziorantz’ jardunaldiak bertan behera
‘Zaintza lanen demokratizaziorantz’ jardunaldiak bertan behera geratu eta atzeratzen direla jakinarazten dizuegu. Atzo indarrean sartu ziren neurri eta gomendioei jarraiki Hernaniko Udalak gaur goizean hartu du erabakia.
Emagin Elkartetik eskerrak eman nahi dizkizuegu adierazitako interesagatik; Euskal Herriko lurralde ezberdinetako 60tik gora pertsonak izena eman duzue jardunaldietan. Eskerrik asko!
Jardunaldien faltan, ez dugu besoak gurutzatuta gelditu nahi:”Beterri Buruntzaldeako zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena” urrats garrantzitsua izan da zaintzak demokratizatzeko bidean. Gida paregabea da, hain zuzen, bizi dugun krisi egoeran kontzientzia hartzeko erakunde publikoetatik hartzen ari diren neurriek ez gaituztela guztiok babesten, are zaurgarriago bilakatzen eta bakartzen baizik. Zentzu horretan, zaintzak familiatik harago partekatu eta erregimena problematizatzen dugunon bizimodua nabarmen larriagotzen du alarma egoerak eta saretzeko, antolatzeko aukerak errotik mozten dizkigute.
Funtsezkoa zer den eta zer ez den eztabaidatzen ari garen honetan, oinarrizko beharra deritzogu parte hartze soziopolitikoa bermatzeari eta zaintza-lanen banaketa bidegabearen inguruan gogoeta egiteari.
Era berean, tokian toki, auzoz auzo, emakumeen eta migranteen bizi- eta lan-baldintzak hobetzeko esku hartzea urgentea da. Etxekotuta nahi gaituzten honetan, zaintzaileek jendarte osoaren inplikazioa eta arreta behar dute: egiten dituzten salaketak partekatu, elkartasun sareak antolatu eta, nola ez, euren zaintza zama arintzeko hartu daitezkeen neurriak babestu. Orain inoiz baino beharrezkoagoa da gizonek eta erakundeek ardura hartzea.
Maskulinitate tailerrak
Gizonekin lanketak egiten ditugu.
Ausartuko al zara gizon pribilegioen inguruan hausnartu eta barrura begiratzen?