Dagoeneko amaitu da udako denboraldia eta horrekin batera, aurtengo hiruhilekoaren bizipenak jaso eta baloratu ostean, udaldiaren ondorengo balorazioa egiten dugu:
Eraso sexisten aurkako Gunera gerturatu diren pertsonei dagokionean, aipagarria da nola herri gehienetan jendeak oso harrera ona egin dion prebentzio eta sentsibilizazio zerbitzuari. Are gehiago, makina bat pertsonek zerbitzuaren beharra zein honen balioa aitortu dute. Zerbitzuaren eskaera egin duten herrialde guztiak aintzat harturik eta bereziki populazio gutxiko herrien kasuan, gure zerbitzuaren gaineko goraipatze mordoa jaso ditugula azpimarragarria iruditzen zaigu.
Gunera bertaratzen direnen soslai nagusiena neska gazteena izan da aurten ere. Guztiak bat gatoz esanez neska gazte asko feminismoaren praktikan oso inplikatuak daudela eta oso jarrera ahaldunduekin antzeman ditugula. Haietako askok gure presentzia hutsari balio handia eman diote, haien herriko jaiei zein gozamenerako espazioei kutsu more bat ematen genielako.
Hainbatetan gerturatu zaizkigu perfil ezberdinetako pertsonak “gaur egun gertatzen ari diren eraso sexista oldeaz” kezkatuta. Komunikabidetan oso presente egon den gai bat izan da. Tira, honekin hainbat kontu. Alde batetik, ez gara despistatu behar: kaleko eraso sexualak, eraso sexista eta matxista direnak, beti eman dira. Kalean beldurra pasatzearena ez da zerbait berria. Eraso sexista hauen mehatxua gure gainean eraman dugu emakumeok*, eta tamalez, adi egon, gure gaitasunak garatu eta dauzkagun autodefentsa feministarako tresnak indartu beharrean, beldurra eta babesgabetasuna indartu dira. Askotan uste da eraso sexual gehienak gauean kale ilun batean gertatuko direla gizon ezezagun erasokor batengatik eta honen aurrean ez dugula ezer egitekorik. Eta gogoratu nahi dugu eraso sexual gehien-gehienak (%85etik gora) konfiantzazko esparrutan ematen dira, ezagunak diren gizonek eginda. Bestalde, ezin dugu ahaztu indarkeria estrukturala eta sinbolikoa behin eta berriz erreproduzitzen dela jendarteko esparru guztietan eta etengabean aipatzen dugun izebergean ikusteko zailak diren egoera horiek dira eraso zuzenak egotea ahalbidetzen dutenak.
Materialaren edukiari dagokionez oso erantzun positiboak jaso ditugula azpimarratu nahi genuke, hainbat Udal zein instituziok plazaratzen dituen materialekin alderatuz gureak hornituagoak daudela aipatu baitigute. “Adi mutil!” izeneko eskuorriak harrera bereziki ona izan du, gero eta beharrezkotzat jotzen baita gizonezkoei bideratutako materiala eskaintzea. Beste alde batetik, orain arte esku artean zebilkigun materialaz gain LGTBIfobiaren inguruko esku-orria sortu eta erabili dugu eta oso harrera ona izan du.
Telefono arreta zerbitzuaren eskaerak gora egin du nabarmen. Ibilbide gutxi duen zerbitzua izaki, ordea, zaila zaigu honen gaineko balorazio bat egitea. Uste dugu zerbitzu hau eraginkorra izan dadin, herrian aurre lanketa komunikatibo ona egin behar dela zerbitzua ezagutzera emateko. Seguruenik beharrezkoa izango da ere urtez urte zerbitzuarekin jarraitzea telefonoak erreferentzialtasuna irabazteko, emakumeek gertutasunez bizitzeko eta ondorioz deitzera ausartzeko.
Guneen kasuan garrantzitsua iruditzen zaigu ere instituzioekin koordinatzen garen bezala, bertako mugimendu feministarekin koordinatzea eta estrategia komuna garatzea, proposamen ezberdinak osagarritzeko. Zentzu horretan, eta herri mugimenduaren parte garen heinean, haiekiko aliantzak lehenestea berretsi dugu, hala nola, Hondarribiako kasua: zuriketa morea egiten duten eta indarkeria sexista bera sustatzen duten kasuetan Emagin elkartearen zerbitzu eta lan ildoek ez dute lekurik.
Bestetik, aipatu beharra dugu, gizonezko batzuen aldetik pasotismoa, mesfidantza eta erresistentzia jarrera bereziki nabarmendu egin dela. Hauek guztiak jendartearen despatriarkalizazio prozesuaren baitan daudela badakigu eta kontziente gara gure presentziak asaldurak sortzen dituela. Emaginen lana (eta feminismoa orokorrean) deserosoa da beraien pribilegioetatik mugitu nahi ez direnentzat, eta horren aurrean erresistentziak azaleratzen dira. Guk, gure lan eta presentziak eragiten dituen oihartzun gazi-gozo horietatik indartu egiten gara, bide onetik goazenaren seinale baitira. Festaz-festa boteretzen jarraitzen dugu eta gure lan jarduna arduraz betetzeaz gain, elkarren arteko aliantzak josteko eta gozamenerako aukera ere izan dugu.
Honekin lotuta, garrantzitsua iruditzen zaigu hilabete hauetan zehar pairatutako ezbeharrei ere aipamen bat eskaintzea. Izan ere, emakumezko askoren mezuak bihotzera iritsi zaizkigun arren, egon izan baitira desegonkortu eta mindu gaituzten gertakariak ere:
Langile eta militante feminista izateagatik zenbait eraso pairatu ditugu guneetan lanean geunden bitartean (indarkeria zuzena nahiz kalte material larriak). Feminismoak gorakada nabarmena izan du azkeneko urteetan bazterrak eta jendartea aztoratuz. Olatu honen erreakzio moduan mundu mailan ikusten ari garen diskurtso eta presentzia faxisten eta matxisten gorakada gurean ere antzeman izan dugu, eta oraingoan gorputzetik sufritu dugu.
Eraso hauek, kikildu beharrean, feminismoaren alde lanean jarraitzeko beharra eta gogoa areagotzen digu. Aurtengo esperientziatik irakaspenak gorde eta hurrengo udaldira begira gure zerbitzuak hobetzen eta fintzen joango gara. Emakume* guztiok jaiak askatasunez eta gozamenetik bizitzeko eskubidea dugulako.