Berdintasunean oinarritutako Euskal Herria sortzeko eratu zen Euskal Herriko Bilgune Feminista, orain 20 urte. Urte luzeetan jira eta bira aritu ostean, orduko ametsa biderkatzeko gai ere izan da Bilgunea; izan ere, gaur Euskal Herria Feminista dugu aldarri, eta burujabetza feminista trantsizio hori egiteko bide. Askotariko oztopoei egin zaie aurre, eta, egun, matxismoa birformulatu den honetan, horiek dirauten arren, inoiz baino sinistuago dugu feminismoa dela gure arma nagusia kapitalismo heteropatriarkal eta kolonialari aurre egiteko; hots, ezker eskuin sortu diren paradisuak erretzeko sugarra.
Emagin elkarteak ahizpatasun berezia dugu Bilgunearekin; izan ere, bere magalean sortu ginen orain dela ia 20 urte ere. Horregatik ez dugu Oñatin huts egingo. Nahi dugulako gure komunitatearekin ospatu biziraun diogula ofentsiba matxistei, eta eraiki dugula Euskal Herriko emakume pila batentzat etorkizun hobea. Izan garela bazterretan, eta lehertu ditugula erdiguneak. Euskaratik eta euskaraz ibili garela gure herri luze zabaleko txokoetan. Feminismoa guztion etxe izateko borrokan jarraituko dugula ospatzera goaz larunbatean.
Nahi dugulako berretsi feminismoa dela herri egiten gaituena, saretzen gaituena, eta amesteko tresnak ematen dizkiguna.
Lehertu ginen orain dela 20 urte, eta eztanda horren dardara gara, erreplika gero eta handiagoetan.